23 kilometroko probako korrikalariak 15:35ean irtengo dira eta Usurberaino igoko dira. 11 kilometrokoak 16:00etan hasiko dira korrika. 15:00etan haurren probak hasiko dira
Goierri Kopa Traileko bigarren lasterketa puntuagarria da Intxaurpek eta Bealak-ek antolatutako Arriarango Xabier Mendizabalen oroimenezko mendi lasterketa. Goierri Kopa Trailen irizpideetara egokitzeko, aurtengo lasterketan aldaketak egin dituzte, 23 eta 11 kilometroko bi ibilbide prestatuta. «Orain arte 16 kilometrokoa izan da, baina Goierri Trail Kopako lasterketa luzerako motzegia zen eta motzerako luzeegia; beraz, bi proba sortzea erabaki dugu», dio Aitor Mujika antolatzaileak.
Bihar beraz, 15:30ean, 23 kilometroko korrikalariak aterako dira Arriarango plazatik eta Usurbeko gurutzeraino igo beharko dute; lasterketaren erdia, proba motzeko ibilbide bera izango da. 11 kilometrokoak ordu erdi beranduago, 16:00etan, abiatuko dira eta auzoko baserri inguruetan osatu beharko dute ibilbidea. Bi lasterketetan 250 korrikalari inguruk parte hartzea aurreikusten dute antolatzaileek. Izena eman daiteke oraindik
www.kirolprobak.com webgunean.
15:35ean, haurren korrikaldiak izango dira. Lasterketaren amaieran, hainbat sari zozkatuko dituzte parte hartzaileen ar-tean; eta «Arriaranera inguratzen diren guztientzat, korrikalarientzat nahiz ikusleentzat, luntxa izango da».
Biharko lasterketarekin Goierri Kopako trail distantziako liderrak erabakiko dira. Sprint distantziako liderrak, Juanjo Igartzabal eta Elena Calvillo dira.
Gabiria eta Segura
Goierri Kopa Trailen barruko hurrengo proba Gabiriakoa izango da, Leharrei. Apirilaren 1ean jokatuko da, 09:30ean hasita, eta dagoeneko izena eman daiteke
www.kirolprobak.com webgunean. Gabiria zeharkatuko duen lasterketa da, 24km-ko luzera eta 1300m-ko desnibela duena.
Maiatzaren 6an, berriz, Segura eta Zerain artekoa jokatuko da. Kasu horretan ere bi ibilbide prestatu dituzte, 25 kilometrokoa eta 15,3 kilometrokoa.
www.kirolprobak.com webgunean eman daiteke izena.