World Cheese Awards lehiako gaztarik onenak probatzeko aukera izango da
Nazioarteko gaztagintzaren erakustoki izan zen Artzai Gazta elkarteak antolatutako World Cheese Festival jaialdia. Hainbat egunez, mundu mailako gaztagile eta aditu onenak elkartu ziren Donostiako Kursaalen. Jaialdi horren baitan egin zuten World Cheese Awards nazioarteko sariketa ere. Orain, lehiaketa hartan saritutako gaztak probatzeko aukera emango dute.
Ekitaldia ostiralean izango da, Basque Culinary Center sukaldaritza eskolan, goizeko 11:30ean. Bertan, World Cheese Awards 2016 lehiaketako sari nagusia jaso zuen Kraftkar gazta norbegiarra, bigarren gelditu zen Agour Ipar Euskal Herriko gazta eta Donostia Saria jaso zuen Los Besos del Rey Silo gaztak probatu ahal izango dira, Artzai Gazta elkarteko gaztarik onenekin batera. Halaber, Artzai Gazta loraduna ere aurkeztuko dute ekitaldi horretan. Erakunde publikoetako ordezkariek, gaztagileek eta hainbat sukaldari eta gastronomia adituk parte hartuko dute, Mikel Zeberio aditu ataundarrak gidatuta.