Euskadiko Mendiko Bizikleta Openeko probetako bat, Urretxun
Goierri kirol elkartearen txirrindularitza sailak Euskadiko Mendiko Bizikleta Openeko proba antolatu du igande honetarako, Urretxun. Zatika Sari Nagusiaren irteera 11:00etan izango da eta zortzi mailatako txirrindulariek parte hartuko dute. Zirkuituak
Goierri kirol elkartearen txirrindularitza sailak Euskadiko Mendiko Bizikleta Openeko proba antolatu du igande honetarako, Urretxun. Zatika Sari Nagusiaren irteera 11:00etan izango da eta zortzi mailatako txirrindulariek parte hartuko dute. Zirkuituak 4,87 kilometroko luzera du eta Irimori buelta ematen dio.
23 urtez azpiko txirrindulariak eta elite mailakoak 11:00etan irtengo dira, master mailakoak 11:02ean eta kadete eta gazte mailakoak eta emakumeak 11:04ean. Kadete mailakoen probak 45 minutu iraungo du, gazte mailakoenak, masterrenak eta 16 urtetik gorako emakumeenak 65 minutu eta 23 urte azpikoenak eta elite mailakoenak 90 minutu. Haurren proba aurretik izango da, 10:00etan hasita.
Zirkuitua Goierri kirol elkar-tearen mendi bizikleta taldeak prestatu du. «Ez genuen aukera handirik izan, lursail asko partikularrenak baitira eta batzuek ez baitziguten beraien lurretatik pasatzen utzi. Halako probetan, zirkuituak lauzpabost kilometro izaten ditu eta ez da oso gogorra izaten. Hemen, ordea, zaila da ibilbide bigunak egitea. Gogorra, motza eta teknikoa izango da. Zorionez, nahiz eta euri asko egin, lokatza ez da erabakigarria izango. Izan ere, ibilbidearen zati handi bat pistetatik igarotzen da», esan du mendiko bizikleta taldeko Marcelo Favrek.
Txirrindulari askok parte hartuko dute. «Jende dezente etorriko da. Gehienak Euskal Herrikoak izango dira, baina Kantabria, Huesca eta Errioxatik ere etorriko dira, besteak beste», gehitu du.
Urretxu eta Zumarragako taldeko bost txirrindularik parte hartuko dute: Iker Esnalek, Jon Tenak, Igor Altzelaik, Iñaki Salaberriak, Iker Etxanizek eta Favrek berak.
Ordizian ere bai
Aurten, Euskadiko Openak inoiz baino proba gehiago izango dituela aurreratu du. «Aurten hamaika lasterketa egongo dira. Inoiz baino gehiago. Opena gainbehera zegoen eta indartu egin nahi dute. Orain arte proba gehienak Bizkaian antolatzen zituzten eta aurten Gipuzkoan lasterketa gehiago egongo dira. Gurea berria da eta Ordiziakoa ere bai», amaitu du Favrek. Ordiziako proba maiatzaren 1ean izango da.