Mugen gainetik
Seguran 22 urte daramatzate Euskal Herriko iparraldearen eta hegoaldearen mugak gainditzeko ahaleginean. Aurten ere, hilaren 27tik apirilaren 2ra bitartean Euskal Herriko zazpi ...
Seguran 22 urte daramatzate Euskal Herriko iparraldearen eta hegoaldearen mugak gainditzeko ahaleginean. Aurten ere, hilaren 27tik apirilaren 2ra bitartean Euskal?Herriko zazpi herrialdetako herritarrak Seguran elkartuko dira.
Urtez urte mugak gainditzeko ahaleginean urratsak egiten ari da Iparra-Hegoa taldea. Segurako Elorri Elkarteko partaideak eta Iparraldeko hainbat kidek osatutako taldea da Iparra-Hegoa: «Euskal Herri osoko kultura, hizkuntza, arazoak, ondasunak eta ohiturak ezagutzeko eta trukatzeko oso okasio interesgarria da Iparra-Hegoa jarduna». Urtetik urtera gero eta ezagunagoa den ekitaldia da, eta datorren asterako egitarau bete-betea antolatu dute Seguran.
Astelehenean eta asteartean Zerk bereizten gaitu? eta Zerk batzen gaitu? galderei erantzunez hasiko dute aurtengo ekitaldia. Hitzaldi horiez gain, bi egun horietan, Garaziko ikastolako 58 haur eta irakasle ere etorriko dira Segurako Laiotz herri eskolako ikasleekin harremanak sustatzeko helburuarekin. Hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Asteazkenean, gastronomia izango da protagonista. «Gastronomian dauden aldeak» bistaratuko dituzte Donibane Lohizuneko Olatu ostatuko Ramuntxo Berria eta Ormaiztegiko Kuko jatetxeko Iker Markinez sukaldariek. Hitzez gain, hainbat adibide ere jarriko dituzte praktikan.
Eta ostegunean, urtetik urtera gero eta jarraitzaile gehiago dituen mahaiaren bueltako ekintza, bertso kantu poteoa eta afaria izango dira. Amets Arzallus eta Julio Soto bertsolariak gonbidatuko dituzte eta herriko bi bertsolarik, Jon Iturriozek eta Eneko Araiztegik, jarritako gaiekin osatu beharko dituzte bertsoak. Kuxkuxtu txaranga ere tartean izango da. Bertso afarirako txartelak 18 euroan daude salgai Elorripen.
Asteburu betea
Ohi bezala, apirileko lehenengo asteburu ere bete-betea izango da Seguran, Iparraldeko eta Iruñea aldeko gazteak bertan direla. Kontzertuei dagokienean, ostiralean Pokeleke, Speiz Mukaki eta Irunberriko Altxatu taldea eta Bull disko jartzailea izango dira; eta larunbatean Segurako musika eskolan sortutako Patxara taldea eta Iñazki. Igandeko kale animazioari ere indarra eman nahi izan diote aurten antolatzaileek. Besteak beste, Zarena Zarelako dantza taldea izango da gonbidatuen artean. Igandeko bazkarirako txartelak ere salgai daude Elorripen, 18 euroan.
Azoka bikoitza
Hilaren 26an azoka bikoitza egingo dute Seguran: batetik, Udaberriko lore eta landareen azoka plazan, eta bestetik, Euskal Herriko produktuen azoka pilotaleku zaharrean. 10:00etan irekiko dute azoka, eta lore, landare, hazi, barazki, Euskal Herriko produktuen eta eskualdeko artisauen produktuen salmenta izango da. Eskualdeko eta Euskal Herri osoko 40 postu jarriko dituzte. Herriko trikitilariek eta Kriseilu txistulari taldekoek girotuko dute goiza. 10:30etik 14:00etara, berriz, Josu Osaren eskutik Txerto ezberdinak fruta arboletan tailerra izango da.












