Legazpiko Gaztetxean Mataderoaren 20. urtemugarako prestatzen ari dira
Datorren apirilaren 8an Gaztetxea Legazpiko Mataderoan ireki zuteneko 20. urteurrena ospatuko dute. Egun osorako egitaraua prestatu dute. Lehenengo eta behin, Korrika 20.aren iritsierarekin bat egingo dute apirilaren 8an iritsiko baita Legazpira.
Gaztetxetik abiatuta harrapatuko dute Korrika 10:30ean. Behin Korrika Legazpitik ateratzen denean, trikitilariekin batera Gaztetxetik Azokara doan bidea beteko dute. 12:30ean herri kirol ikustaldia izango da Euskal Herria plazan eta han bertan haurrentzat jolasak antolatuko dituzte. Urteurreneko materiala salgai jartzeko baliatuko dute plazan, eguerdian, dauden tarte hori.
Azokako arkupeetan izango da urteurreneko herri bazkaria. Txartelak 12 euroan saldu dituzte.
Bazkalostean XX Urte Mataderoan dokumentalaren estreinaldia egingo dute, 15:30ean hain zuzen. Dokumentala ikusi eta gero bertsolarien txanda izango da.
Kontzertuak amaitzeko
Arratsaldea girotzeko Traka Traka elektrotxarangarekin poteoa egingo dute Legazpiko tabernetan. Iluntzean Gaztetxean bertan egin dute berriro hitzordua, mokadutxo bat jateko aukera emango dute 20:00etan hasita.
Mataderoaren urteurrenaren ospakizunari kontzertuekin emango diote amaiera. Gaztetxeko taulara honako taldeak igoko dira 22:00etatik aurrera: Arraio, Batzuri Punk eta Fan&Go.