Teknologiaren gozamena
Urola Garaiko Lanbide Eskolak (UGLE) Aste Santuko oporraldirako eskaintza berri bat egin du. Teknologiaren inguruko tailerrak eskainiko dizkiete 9 eta 14 urte bitarteko haurrei. Diotenez, «jarduera hezitzaile baina, era berean,
Urola Garaiko Lanbide Eskolak (UGLE) Aste Santuko oporraldirako eskaintza berri bat egin du. Teknologiaren inguruko tailerrak eskainiko dizkiete 9 eta 14 urte bitarteko haurrei. Diotenez, «jarduera hezitzaile baina, era berean, gozagarria eta dibertigarria izango da».
Ez da halako tailerrak eskaintzen dituzten lehenengo aldia, oraingoan, halere, urrats batzuk egin dituzte aurrera eta landuko dituzten alorrak zabaldu dituzte. Alde batetik, irrati bidezko kontrola daramaten autoen muntaia landuko dute horretarako propio prestatu dituzten autoen bidez. Bestalde, dron bat eraikitzeko aukera emango diete haurrei eta Otto robota lantzeko parada eskainiko diete.
Tartean bestelako lanketak ere egingo dituzte. Fisikaren eta kimikaren esparruetan sakondu bidean, hainbat esperimentu egiteko asmoa daukate, diziplina horietako printzipio orokor batzuk era bisualean uler ditzaten: «Tailer hauetan gaztetxoak teknologiara gerturatzeko saiakera egin nahi dugu eta giro atseginean lan pixka bat eginarazi ere bai». Oporraldia atseden hartzeko sasoia denaren kontziente izanda ere, gozamena eta lana uztartu nahi dituzte.
Teknologia tailer hauetan izena emateko epea ireki dute dagoeneko. Antolatzaileek interesa duten haurrei izena «ahal bezain arin» emateko gomendioa egin diete, «tokia mugatua baita».
Matrikula
Matrikula 75 eurokoa da eta izena emateko UGLE eskolako telefonora deitu daiteke (943 72 54 77) edota e-postaz idatzi: fpe@ugleskola. org.
Tailerra apirilaren 18an hasiko da, asteartearekin eta apirilaren 21ean amaituko da, ostiralarekin. Eskolak 09:00etan hasi eta 13:00etan amaituko dira.
Parte hartzen duten gazte- txoek oroigarri bana jasoko dute tailerren amaieran, «eurek euren eskuz egindako gailua hain zuzen ere».