Herrietan Internet banda zabala ipin dadin egitasmoa hasi du aldundiak
Herri guneetatik kanporantz, 2 kilometroraino hedatu nahi du sarea, hiru urtean. Operatzaileen bidez egin behar dute herritarrek eskaera. Lehen faserako, 1,4 milioi bideratuko dituzte
Herri txikietan ere Internet bidezko komunikazioa ziurtatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak banda zabaleko sarea zabalduko du, 2.500 bizilagun baino gutxiagoko 49 herrietan. Tartean daude Goierriko 17 udalerri. Landagipuzkoa+ programako lan-lerro bat da «banda zabal ultra-azkarrarena», eta lehengo astean abiarazi zuen, deialdia eginda. Atzo, Lurralde Orekako zuzendari Iñaki Labakak Goierriko udal ordezkariei aurkeztu zien, Zaldibiako Goizanen.
Europako Agenda 2020 barruan, herri txikien eta handien, nahiz landa eremuaren eta hiri gunearen arteko «arrakala teknologikoa» gainditu nahi dute, ekimenarekin.
Herri txikietan —2.500 biztanlez azpikoetan— hiru fasetan banatu dute Internet banda zabalaren hedapena. Aurten, herri gunetik 500 metroren barruan dauden etxe, enpresa, ustiategi eta jarduera ekonomia daukaten edo eduki dezaketen eragileengana iritsiko da. 1.480.000 euroko aurrekontua bideratuko dute, lehen fasean.
Hurrengo urtean, herri gunetik kilometro bateko erradiora zabalduko dute, eta 2019an bi kilometrora. Iaz, Eusko Jaurlaritzaren ekimenez, herri txiki batzuetara kable bidez komunikazioetarako zuntz optikoa iristen hasi zen. Movistar etxeak lortu zuen lehiaketa, eta Internet sarea zuntz bidez eskaintzen hasi dira operatzaileak. Eskolak, osasun zentroak eta KZguneak hornituta daude, dagoeneko.
Orain, landa eremuko bizilagun ia guztiengana iritsarazi nahi du aldundiak banda zabala. «Herri txikietan bizi diren biztanleen %90engana iristea lortuko dugu, behin hedapeneko hiru faseak egindakoan. Hortik kanpo geratzen direnei —orografiagatik edo beste arrazoiren batengatik—, banan-banako irtenbidea emango zaie», azaldu du Iñaki Labaka zuzendariak.
Operatzaileen bidez
Aldundiaren diru laguntza programaren atea telefonia eta komunikazio operatzaileek jo dezakete. Hasteko, operatzaileak jarriko dira harremanetan partikularrekin, banda zabala eskainiz. «Interesa agertu behar du operatzaileak, komertzial lana egin beharra daukate. Seguruenera, pack batzuk eskainiko dituzte, eta operatzaileek partikular horren izenean eskatu diezaioke laguntza aldundiari».
Aldundiaren mahai teknikoak eskaria ebatzi ondoren, operatzaileak exekutatuko du obra, eskatzaileei Internet jartzeko.















