Ampok 13 milioi euro inbertituko ditu Indian lantegi berria egiteko
Idiazabalgo Ampo kooperatibak beste pauso bat emango du nazioartean zabaltzeko ahaleginean. Indiako Coimbatore herrian 55.000 metro koadroko lantegia zabalduko du, 13 milioi euroko inbertsioa eginda. Lantegi berriarekin, “Indian tamaina handiagoko balbulak ekoizteaz gain, bertako ahalmen produktiboa” hobetu nahi du taldeak.
Ampok 2009. urtean ekin zion Indiako ibilbideari. Hasieran, pabiloi bat alokatu zuten Coimbatoren eta 20 laguneko talde batekin hasi ziren lanean. Lantegi txiki hura asko hazi da zortzi urtean, eta gaur egun, 240 langile ditu Ampok Indian.
Lantoki berriaren obrak apirilean bukatzea espero dute, eta berehala ekingo diote balbulak produzitzeari. Gune berria, kooperatibak Idiazabalen duen balbula ekoizpenerako lantegiaren erreplika” izango dela enpresako arduradunek. Lantokiak balbulen muntaiarako instalakuntzak, proba bankuak, margoketarako instalakuntzak, bidalketak egiteko guneak eta bulegoak izango ditu.
Salmentak eta emaitzak hobetzen
Petrolioaren sektorea bizitzen ari den krisiak sektorean bere eragina izan badu ere, Ampok emaitza onak izan ditu 2016. urtean. 2015arekin alderatuta, salmentek %15 egin zuten gora, eta 165 milioi euroko negozio bolumena lortu zuten. Ampo taldeak bere produkzioaren %95 bost kontinenteetara zabaltzen du, gehiena Europatik kanpora.