Ampo Ordiziak eta Santboianak Altamiran jokatutako partidako irudia // Argazkia: Ainhoa Muriel.
Katalunia aldera bidaiatuko du Ampo Ordiziak asteburu honetan, errugbiko Ohorezko Dibisioko ligako azken aurreko jardunaldia jokatzeko. Estatuko errugbi talderik zaharrenaren kontra jokatuko dute ordiziarrek, U.E. Santboianaren aurka hain zuzen, igandean 12:00etan. Oraingoan Ampok asko du irabazteko eta gutxi galtzeko.
Santboiko taldea faborito da zentzu guztietan. Sailkapen nagusian laugarren postuan dago. Sanitas Alcobendasi hirugarren postua kentzen saiatuko da playofferako egoera hobean egoteko. Horrez gain, etxean jokatuko du eta horrek indar gehiago ematen dio. Denboraldi honetan Baldiri Aleu estadioan VRAC Quesos Entrepinares taldeak bakarrik irabazi du. Ampo, otsailean izan zen Santboien azkeneko aldiz eta orduan, kopatik kanporatua izan zen bertan.
Santboiana oso talde sendoa da eta maila altua ematen ari diren jokalariez dago osatua. Aurrelariak arin eta indarrez aritzen dira eta joko azkarra gustuko dute. Baina joko motelean ere oso ondo moldatzen dira, Afa Tauli eta Rubén Sanz bezalako jokalariekin. Hiru laurdeneko lerroa ez dago atzera begira. Aurrelarien lana ezin hobe aprobetxatzen du entseguak egiteko.
Presiorik gabe jokatzeko bidaiatuko du Ampo Ordiziak. Hori aldeko dute Marotias eta Garmendiaren gizonek. Kopako partiduan presioak jokalari goierritarrengan eragina izan zuen eta hori aprobetxatzen jakin zuten aurkariek. Epe luzeko lesionatuez gain (Julen Goia, Dani Aizpun, Iñaki Puyadena…), aste honetan entrenatzaileek ez dute Jaun Perez taldean izango, hiru txartel hori gehitu baititu.
Ampok irabaziko balu eta Senor Independientek Valladoliden El Salvadorren aurka galdu, playoffeko lekua lotzeko aukera gehiago izango luke Ordiziako taldeak.