[HERRIZ HERRI] Garai bakoitzera ondo egokitzen jakin izan duen herri txikia da Legorreta. 1902. urtean paper fabrika ireki zuten herrian, eta, gaur-gaurkoz, teknologia berrietan murgildu eta herritarrei zerbitzua emateko aplikazioa sortzen ari da udala.
Goierri eskualdean dago Legorreta, Zazpiturrieta, Igetagain eta Astokolomendi mendien babesean. Inguruotako gainerako herriak bezala, ingurune natural ezin ederragoan dago herria, kolore berdea nagusi den eremuan. Txango ederrak egiteko paraje ezin hobea da.
Zelai Amenabarro Goikoetxea Legorretako alkatearen hitzetan, “eremu paregabean” egoteaz gain, herri “txiki eta jatorra” da Legorreta. Baina, batez ere, herri “parte hartzaile eta ekintzailea” da. Urte osoan “ekintza ugari” antolatzen dituzte Legorretan. “Udalak, herritarrek nahiz talde eragileek”. Eta ekimen horietan “herri guztiak” parte hartu ohi duela gaineratu du alkateak.
Kultur ondareari dagokionez, eraikin bikain asko daude herrian. XVI. mendeko Salbatore elizak, esaterako, ezaugarri gotikoak eta barrokoak uztartzen ditu, eta hiru zatitan banatutako urre koloreko erretaula dauka barruan; margolan erlijiosoen adibide aparta. Deigarria da, era berean, Koaterako bidean dagoen trapezio itxurako Santa Ana baseliza. Ingurune natural ikusgarria da, zalantzarik gabe.
Urte osoan oso zabala izaten da Legorretako kultur egitaraua. Aste Santua amaitu eta berrogei egunera ospatzen dituzte herriko jaiak, baina aipagarria da Corpus eguneko festa ere. Egun horretan, elkarrekin askaltzeko elkartzen dira herriko lagun talde guztiak. Herriko gazteak ere oso aktiboak diren seinale, urtean zehar hainbat jai, ospakizun eta jaialdi antolatzen dituzte Legorretan: gazte festak, inauteriak eta Legoreggae jaialdia, besteak beste.
Etxezarreta paper fabrika
Juan Jose Etxezarreta Urkiola ezkiotarrak 1902an jarri zuen martxan Legorretako paper fabrika. Kartoia ekoitzi zuen hasieran, eta papera egiten hasi zen 1916an. Ehun langile zituen gerra aurretxoan. 1941ean hil zen Etxezarreta, eta Gabriel Otxoa de Zabalegik eman zion jarraipena lantegiari, haren alaba Maria Josefarekin ezkonduta zegoen gizonak. Haren gidaritzapean eraiki zuten bulegoen eraikina, 1958an; 223 langile zituen orduan.
Baina 1962tik jaisten hasi zen langile kopurua, eta 2004an Etxezarretak bat egin zuen Villabonako La Salvadorarekin. Paperalia konpainia sortu zuten biek. Produkzio osoa Legorretara eraman, eta 135 langilerekin hasi zuen bi urte eskas iraungo zuen ibilbidea. 2010ean itxi zituen ateak lantegiak. Langile kopurua jaisten hasi zen 1973an, eta 2004an La Salvadora enpresak erosi zuen. Baina ordurako ezinezkoa zen gainbehera gelditzea. Urtebete iraun zuen hark. 2009an Amarozek erosi arren, egoera bideratu ezinik, 2010ean amaitu zen bidea.
Docomomo elkarteak, arkitektura eta eraikin modernoen balioa bultzatzen duenak, Legorretako Etxezarreta paper fabrikaren balio arkitektonikoa aitortu zuen 2016ko urrian. Arkitekturaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, plaka oroigarri bat jarri zuten fabrika zaharreko bulegoetan. Gipuzkoako eta Euskal Herriko herri askotan gertatzen den moduan, kutsu modernista duen eraikina da Legorretakoa; horren gisako asko eraiki zituzten industria garapenaren garaian.
Babestuta dago erreka aldeko zatia, bulegoen eraikinak, tximiniak eta galdarak osatzen dutena, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzakoa da egun. Amenabarrok azaldu duenez, eraisteko lizentzia emana zegoen arren, “ondare hori babesteko eta eraikinean industria jarduera bultzatzeko ardura” bere gain hartu du udalak, eta aldundiari moratoria bat eskatu zion, eraistea atzeratu eta tarte horretan proiektu bat garatzeko.
“Oso erronka handia” denez, Goieki Goierriko Garapen Agentziarekin lanean ari da udala, aldundiari proiektu bat aurkeztu eta eraikina biziberritu dezan. Ekainera bitarte, eskualdeko proiektu bat garatuko du Goiekik: Goiekin bertan “ekintzaileentzako inkubategia” ezarriko da, eta, behin enpresa sortuta, garatzeko espazioa eman nahi zaie; industria arlokoak Legorretako paper fabrika zaharrera ekartzea da helburua.
Teknologia berriak
Legorretako Udala “apustu handia” egiten ari da teknologia berrien arloan. Webguneaz gain, sakelako telefonoetarako aplikazio bat prestatzen ari dira. “Herritarren eta udalaren arteko komunikazioa hobetu nahi dugu aplikazio horrekin, bi noranzkoetan; hori da helburu nagusia. Udalak zabaldutako informazioa, inkestak, abisuak, albisteak, agenda, argazkiak eta beste hainbat gauza ikusi ahal izango dituzte herritarrek”. Gainera, lotura zuzena izango dute herriko talde eragileen atariekin. “Haiek eguneratzen duten guztia zuzenean ikusi ahal izango da aplikazio berrian”.
Laster izango da eskuragai Legorretapp aplikazioa, App Storen eta Play Storen. Herritar guztiak “aplikazioa deskargatzera” animatu nahi ditu herriko alkateak.