Ikus-entzunezkoa ostiralean eskainiko du Legazpiko kultur etxean, denboraldiko azkena izango da
Inguruko Txokoak ikus-entzunezkoa eskainiko du bihar Luis Mari Murua legazpiarrak kultur etxeko areto nagusian, 20:00etan. Denboraldiko ikus-entzunezko emanaldien azken saioa izango da.
Legazpitik irtenda egun berean joan-etorria egiteko tokiak aukeratu ditu Muruak, gertukoak. «Sarritan urruneko tokien bueltan egiten ditugu proiekzioak eta ongi dago. Aitzitik, hurbil ditugunak ez ditugu ezagutzen eta ikus-entzunezko honetan halakoak bildu nahi izan ditut».
Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Nafarroako hamaika txoko argazkietan erakutsiko ditu. Argazkiei laguntzeko aukeratutako musika gehituko du, «musikari dagokionean, Asun Ugarte emazteak laguntzen dit». Elkarrekin egiten dituzte irteera gehienak. Ikatza argazkilari elkartekoekin ere ibiltzen da Murua, izan ere, bera da elkartearen sortzaileetako bat. Orain, Buztintegin ere badabil eta haiekin ere egiten dituzte txangoak.
Berastegiko Lindo zuloak, Legazpi inguruko Aztiria-Aizpuru edo Zumaiako Sakonetari gehitu dizkio Ordiziako azokan topatutako bitxikeriak edota Irungo Ficoban. Murua: «Ez dira soilik natur txokoak, bestelako txokoak ere erakutsiko ditut».