Aitor Balerdik eta Dani Martinek 4.500 kilometro egin dute Marokon barrena elkartasuna lagun
Aitor Balerdi eta Dani Martin itzuli dira jada Marokotik. 4.500 kilometro egin ostean, bigarren postua lortu dute aurtengo Pandemonium Raid solidarioan. Iaz elkartasunaren saria ere jaso zuten; Antxon eta Fernando Garcia ordiziarrek bigarren geratu ziren. Aurten tokiak aldatu eta ordiziarrei eman diete elkartasunaren saria, sari hori partaideek ematen dute.
Bigarren tokia 4×4 mailan lortu dute legazpiarrek, puntuak egunero-egunero egindako lanak ematen ditu –gehienez jota 25 bildu ditzakete egunean–. Aitor Balerdi: «Guk 25 puntu lortu ditugu eguneko eta horrek 122 puntu eman dizkigu 4×4 kategorian bigarren postuan sailkatu garelarik. 4×2 kategorian hirugarren postua lortu dugu beste talde batekin berdinduta».
Elkartasuna nagusi
Bete dituzten 4.500 kilometro horiek errepideetan, dunatan eta mendietan egin dituzte, «gure autoa bikain portatu da», dio Balerdik eramandako Suzukiari buruz.
Marokon barrena ibili dira. Etapak 150 kilometrotik gorakoak izan dira; bakarren bat 300 kilometrokoa ere izan da, ginkana bat ere egin dute. «Herri txiki, jaima eta kasbah asko ikusi ditugu, bertakoekin izan gara eta Legazpitik eramandako arropa, jostailu eta zapatak bertan banatu ditugu, hori da benetako Pandemonium Raidaren espiritua».
Aurtengo esperientziaren «balorazio bikaina» egin du Balerdik, «raideko lagunekin ederki pasa dugu eta Legazpira itzuli berri bagara ere, honezkero datorren urteko raida prestatzen hasteko gogoa daukagu».