Bost urtean helduen eskubaloi talderik gabe egon ondoren, Ormaiztegik Gipuzkoako Lurraldekoan egin du tokia, azken bi denboraldietan. Etenaldi ostean zubi-lana egin duten jokalariak erretiratu dira.
Denboraldiko etxeko azken partida jokatu zuen igandean Ormaiztegiko taldeak. // Argazkia: Angel Elortza
Hamarkada askotako ibilbide oparoaren ondoren, Ormaiztegiko eskubaloia helduen talderik gabe geratu zen, orain dela zazpi urte. Belaunaldi bat bukatu zen. Ez zen desagertu grina, hala ere. 2015-16an atzera taldea osatu —jubeniletatik igoak, beste talde batzuetara joandakoak itzulita, eta utzita zeukaten batzuk arrantzatuta—, eta Gipuzkoako 2. Mailan hasi ziren, baxuenean. Lehen urtean , igotzea lortu, eta 2016-17 sasoia Gipuzkoako 1. Mailan jokatu dute.
Etxeko azken liga-partida igandean izan zuten, Zubipen, Legazpiren aurka (26-29 galdu). Asteburuan Bergaran bukatuko dute liga, eta irabaziz gero mantendu egingo dute maila.
Mazorriaga eta Murgiondo // A. Elortza
Etxeko azken partida berezia izan zen, Aitor Mazorriaga eta Ander Murgiondo jokalariek agur esan baitute. Uztera doaz. Lehen taldea berreskuratzeko zubi-lana egin dute, Mikel Larrañaga eta Mikel Aramendia beteranoekin, eta aurreko taldean ibilitako Borja Irizar eta Aritz Alberdirekin batera. Gazteen maisu dira, belaunaldien lokailu.
Aitor Mazorriaga ormaiztegiarra (41 urte egitera doa) Eskola Kiroletik aritu da eskubaloian. Maila guztiak igaro ditu, handik gorantz. Seniorretan 17rekin debutatu zuen. Murgiondo beasaindarra (36) 1995ean Beasaingo La Sallen hasi zen. 1996tik 2011ra BKLn ibili, eta 2015etik Ormaiztegin jokatu du.