Lapurrek 2.500 euro eraman dituzte Urretxuko gaztetxetik
Ostegunetik ostiralerako gauean ateak indarrez behartu eta Urretxuko gaztetxean sartu ziren lapurtzera. 2.500 euro inguru eraman zituzten: kutxa erregistratzailean eta kutxa gotorrean zegoen dirua eta kolektibo ezberdinek zutena. Horri, ateetan
Ostegunetik ostiralerako gauean ateak indarrez behartu eta Urretxuko gaztetxean sartu ziren lapurtzera. 2.500 euro inguru eraman zituzten: kutxa erregistratzailean eta kutxa gotorrean zegoen dirua eta kolektibo ezberdinek zutena. Horri, ateetan egindako kaltea gehitu behar zaio.
Gazte Asanbladak gertatutakoa salatu du. «Gaztetxea autogestioan oinarritzen den espazio bat da, eragile ezberdinen antolakuntzarako gune bat eskaintzen duena. Zentzu honetan, eraso hau herrigintzaren aurkako ekintza gaitzesgarri bat da».
Lapurretak ondorio kaltegarriak izango dituela gehitu dute. «Barra kideen diru sarreretan eta Gazte Asanbladak antolatutako ekintzetan eragin zuzena izango du. Hori dela eta, eraso hau salatu eta herritar, gaztetxe eta gune autogestionatuen babesa eskatzen dugu: salaketa zabalduz edota galera honi aurre egiteko antolatutako ekintzetan parte hartuz». Oraingoz, zozketa baterako txartelak jarri dituzte salgai euro batean eta ekintzaren bat antolatzeko asmoa ere badute.