Idiazabal Gaztaren denboraldia irekiko dute gaur Ordiziako Artzain Egunean. Luis Irizar sukaldariak ebakiko du gazta berria. Produkzioa %9,2 hazi da 2016an
Dozena bat egun atzera egin, eta Ordiziako Artzain Eguna aurkezteko Donostian egin zuten agerraldian aipatutako ideia nagusiek laburbiltzen dute gaurko aparteko azokaren izaera: artzainei eta artzaintzari aitortza egitea, egiten duten esfortzua balioan jartzea eta merkaturatzen duten produktua erostea eta kontsumitzea. Sektoreak iraungo badu, azpiegituren bidez artzainen bizi baldintzak hobetubeharraz ere jardun ziren, errentagarritasunaz eta duintasunaz.
Eta aitortza horren erakusgarri izango da Javier Arrieta zegamarrak artzainen omenez egin, eta gaur goizean inauguratuko duten eskultura. Artaldeek ere zeharkatuko dute Ordiziako herrigunea azken urteetako ohiturari jarraituz, eta udaletxeko areto nagusian, aldiz, Idiazabal Gaztaren denboraldi berria estreinatuko dute. Euskal Sukaldaritza berriaren sustatzaile Luis Irizar sukaldariak ebakiko du gazta berria, eta Goiturreko zuzendari Niko Osinalde izango da aurtengo omendua gaztaren sustapenaren alde egindako lanarengatik.
Gazta produkzioak gora
Idiazabal Jatorri izendapenak erregulartasun-kalitate sariak banatuko dizkie Xanti Etxezarreta olaberritarrari –Txoko markapean merkaturatzen du gazta– eta Sunbillako Lizun gaztandegiari.
Eta 2015ean Idiazabal Gaztaren ekoizpena %8,2 hazi bazen, 2016an %9,2koa izan da igoera, 1.340.725 kilotara iritsiz. Etorkizunari begira baikor eta itxaropentsu dago Idiazabal sor-marka. Iaz baino gaztandegi bat gehiago dago, eta azken urteetan irekitako gehienak 35 urtez azpiko gazteek ireki dituzte.
120
Gaztandegi. Gaur gaurkoz 121 gaztandegi ekoizle daude Idiazabal Jatorri?Izendapenean sartuta, iaz baino bat gehiago. Horietatik gehienak Gipuzkoakoak (51) dira, Nafarroakoak 30, Arabakoak 22 eta Bizkaikoak 17.
Gaurko egitaraua
· 09:00. Ahari eta ardien erakusketa-lehiaketa. Eusko?Labela duen esne bildotsa burruntzian erreko da, Garagartza plazan.
· 10:30. Artzainaren omenez Javier Arrieta zegamarrak egindako harrizko eskulturaren aurkezpena Jakes etxean.
· 11:00. Artaldeak (2.000 ardi buru) igaroko dira Ordiziako kasko historikoan barrena.
· 11:15. Idiazabal Gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala, udaletxean. Luis Irizar sukaldari beteranoak ebakiko du gazta berria.
· 11:30. Gazta egitea, mamia dastatzea eta burruntzian erretako esne bildotsa jateko aukera Garagartza plazan.
· 12:15. Ile-mozte erakustaldia Garagartza plazan.