Idiazabal Gaztaren denboraldi berria hasitzat eman dute gaur, Ordiziako Artzain Eguneko ekitaldiekin. Luis Irizar maisu sukaldariak ebaki du gazta, “oso fina, lurraren harribitxia” dela esanez. Ekitaldi berean, Niko Osinalde omendu dute, hogei urtez baino gehiagoz Goitur turismo agentzian egindako lanagatik. Artzainak ere gogoan izan dituzte, eta erregulartasun eta kalitate sariak eman dizkiete Xanti Etxezarreta goierritarrari (artzain ekoizlearen atalean) eta Sunbillako Lizun gaztandegiari (gaztandegien arloan). Erakunde publikoetako ordezkariek ez ezik, makina bat sukaldari ezagunek eta hainbat artzaik ere parte hartu dute Ordiziako udaletxean egindako ekitaldian.
Gainontzean festa giroko eguna izan dute gaur Ordizian. Hamaiketan puntuan, lau artaldetan banatutako 2.000 buruk Ordiziako kale nagusia zeharkatu dute, ikusle mordoskaren artean. Asteroko plazako ekoizleen postu eta produktuez gain, artisauen lanak eta mota askotako jakiak ere ikusi ahal izan dira. Garagartza plazan berriz, ardi eta aharien lehiaketak egin dituzte. Saridunen artean izan dira Idiazabalgo Olazagibel baserria eta Olaberriko Aizpea artegia.
Artzainen omenezko eskulturaArtzainei eta artzaintzari gorazarre egiteko eguna izaten da gaurkoa, eta Ordizian, haien omenezko eskultura bat izango dute hemendik aurrera. Izan ere, Javier Arrieta eskulturgile zegamarrak eta Urkiri Salaberria ondare doktoreak elkarlanean egindako Peru oroigarria jarri dute Jakes etxearen aurrean. Etxeko paretan grabatuta dago artzainaren irudia, eta hari itsatsita, harri landuzko besoa eta arkumea ditu. Urte bete pasako lana izan da. 1,70 metroko artzaina da Peru, izenarekin harriaren sinbologia uztartuz. «Peru Pedro, Petrus da euskaraz, harria esan nahi du», diote. Irudiarekin arreta piztu eta hausnarketa eragin nahi dute: «Arreta deitu nahi dugu, eta aurrean geratzen zarenean hausnarketa hasiko da; artea horretarako da, jendea geratzeko eta hausnartu arazteko».
Plaza Nagusian dagoen Goizane, emakume baserritarraren proiektuaren segida da; «hirugarrena ere bidean» dela azaldu dute.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.