NANa eramanda errolda ziurtagiriak atera eta ordainagiriak kudeatu ahal dira; zerbitzua zabalik dago astegunetan eta jaiegunetan ordutegi zabalean
Bulego elektronikoaren xedea da, Koldobike Olabide Legazpiko alkatearen hitzetan, «Herritarrentzako Arreta Zerbitzua indartzea eta hobetzea, beharrezkoak izanez gero, agiriak lortzeko ordutegi zabala eskaintzea, udala nahiz herritarrak hurbiltzea eta legazpiarrei erraztasunak ematea». Zerbitzua martxan da jada.
Legazpiarrek euren NANa eramanda, bulego elektronikoaren bitartez errolda ziurtagiriak lortu ditzakete eta ordainagiriak kudeatu ere; hala nola, ordainagiriak ordaindu edo ordainduta dauden ordainagirien gaineko informazioa lortu ahal izango dute. Berritasuna zerbitzu bera izanda ere, are berriagoa da zerbitzuaren ordutegia astegunetan zein jaiegunetan eskuragarri izango dutelako legazpiarrek. 07:30ean ireki eta 20:30eak arte irekita izango dituzte Herritarrentzako Arreta Zerbitzuko ateak. Zerbitzu elektronikoan ediktuen taulak aurkitu daitezke non lege-xedapenez jendaurrean agerian jarri behar diren dokumentuak ere kontsultatu daitezkeen.