Unai Mendizabal zizurkildarrak irabazi du Osinalde bertso saria
Gabirian larunbat gauean jokatu zen 46. Osinalde saria, bertsolari gazteentzat. Unai Mendizabal (Zizurkil, 1992) izan da garaile, eta Maider Arregi oñatiarra bigarren. Bertsorik onenaren saria, berriz, Maialen Akizuri eman zioten, 10eko txikiko aurreneko bertsoagatik (“mutil batez ari da maitemintzen, baina zuri esaten ez da atrebitzen” bukatu zuen).
Elkartea mukuru beteta zela, saio borobila egin zuten aurreko hiru sariketetatik (Aztiri, Argi-Berri eta Osinalde) sailkatutako sei bertsolari: Mendizabal, Arregi eta Akizuz gain, Eneko Araiztegi segurarra, Aratz Igartzabal gabiriar debutaria eta Jon Gurrutxaga azpeitiarra. Maila bertsuan ibili ziren denak, eta entzule askoren iritziz, bertso-saioa “oso ona” izan zen.
Entzuleen botoek ere Mendizabal izendatu zuten onentzat. Bertsolari bati sari bat baino gehiago ez emateko ohitura dagoenez, bigarren sailkatuari eman zioten garaikur hori, Arregiri.
Mendizabal, zizurkildarra den arren, Asteasuko bertso eskolan trebatua da. Han ibili zen, 12 urtetik 18ra arte. Gaur egun, Villabonako bertso eskolan erakusle aritzen da. Kuadrillakoei eskaini zien azken agurrean Osinaldeko saria, bereziki duela gutxi hil zen Asier lagunari. Txalo zaparrada luzearekin eskertu zuten entzuleek seien lana.