Irribarria eta Artola, aurrez aurre
Binakako txapelketa irabazi berritan, Iker Irribarria pilotari aramarrak astelehenean ekingo dio Eskuz Banakako Txapelketari. Final laurdenetan ezagun zahar bat, Iñaki Artola, izango du aurkari. Alegiakoa indarrean dator gainera, atzo Zumaian Lasori 22-13 irabazi eta gero. Partida Eibarko Astelena pilotalekuan izango da, astelehen arratsaldean.
Iaz buruz burukoa irabazi eta gero, denen jomugan dago Irribarria, eta sorpresa faktorea galduta, gogor saiatu beharko du aramarrak Artola gainditzeko. Lehen mailako txapelketa ofizialetan lau aldiz jokatu dute elkarren aurka, bitan binaka eta beste bitan bakarka. Binakakoetan bakoitzak partida bana irabazi badu ere, buruz buru alegiarra nagusitu da bietan. Buruz buruko txapelketan ordea, ez dute orain arte elkarren aurka jokatu.
Eibarko jaialdiaren une gorena bi pilotari gipuzkoarren arteko buruz burukoa izango bada ere, aurreko partida ere erakargarri egingo zaie pilota zaleei, Abel Barriola Astelenan jokatzen ikusteko azken aukera izango baitute. Elezkano II.arekin batera ariko da, Mendizabal III eta Zabaletaren kontra.
Jaialdirako sarrerak erreserbatu nahi dituztenek, 661 259 009 telefono zenbakira dei dezakete.