Udalak udan burutuko du bigarren fasea .Amaierako zatirako bi itxitura moten artean aukeratu ahal dute legazpiarrek botu bidez maiatzaren 12ra bitartean
Legazpiko Udala Kale Nagusiaren bigarren fasea gauzatzeko proiektua lantzen ari da. Kalearen bukaeran bi itxitura aurreikusten dituzte aukeran eta aukeraketa hori legazpiarren esku utzi nahi dute. Maiatzaren 12ra arte botu bidez hautatu ahalko dute Kale Nagusiaren amaieran bi egonleku eta eszenatoki txiki bat egongo den ala egonleku bakarra baina luzeagoa eraikiko duten.
Kale Nagusiak, bere amaieran, eskualdeko errepidearekin egiten du bat. Muga eremu horretan bi proposamenetan aintzat hartu dute altzairuzko aurrealdea izango duen egonleku bat eraikitzea, zeinak adin txikikoak errepidera ateratzea saihestea izango duen helburu.
Botu bidez bi aukeretako bat hautatzea eskatzen zaie legazpiarrei eta, behin bozketa epea amaituta, botu gehien lortu dituen aukeraren berri eman, eta hori izango da, hain zuzen, eraikiko dutena. Bi aukerak apirilaren 6ko Agenda 21eko Foroan eta Ilintzi merkatari elkarteko kideekin izandako bileretan aurkeztu zituzten.