Maialen Akizu, Aratz Igartzabal eta Eneko Araiztegi hirukotea Iñaki Murua, Mikel Mendizabal eta Millan Telleriaren aurka ariko dira larunbatean Zerainen 11:30ean hasita
![Igartzabal eta Mendizabal, iazko finalean.](http://goierri.hitza.eus/site/files/2017/05/20160430_1747472.jpg)
Igartzabal eta Mendizabal, iazko finalean.
ZerainLabek antolatuta, bigarren
Bertso txiki, saio handi bertso desafioa jokatuko da larunbatean Zerainen. Belaunaldi desberdinetako bertsolariak elkarrekin kantuan jarri nahi izan dituzte aurten ere: Maialen Akizu urretxuarra, Aratz Igartzabal gabiriarra eta Eneko Araiztegi segurarra gazteak batetik, eta Iñaki Murua gabiriarra, Mikel Mendizabal itsasondoarra eta Millan Telleria albizturdar beteranoak bestetik.
Aurten, dena den, bada berrikuntza nagusi bat: desafioa hiru egunetan ordez, egun bateko formatuan jokatuko da. Hori bai, lau saiotan banatuko da eguna eta desafioa: lehenengo saioa 11:30ean, Ostatu tabernan egingo da, bigarrena 12:15ean Liztormendi elkartean, hirugarrena 13:00etan Mandio tabernan eta laugarrena eta azkena, 16:30a aldera, Oiharte sagardotegian.
Antolatzaileen esanetan, «saio bakoitza independentea da eta librea nahi duten entzule denak joateko. Posible da tabernetan entzutea eta sagardotegira ez joatea, edo alderantziz. Asmoa bertsoarekin entzuleak gozaraztea da».
Neurri txikian
Taberna giroan, eta nagusiki neurri txikiko bertsotan ariko dira bertsolariak. Epaimahaia, entzuleek osatuko dute: «Saio bakoitzean entzuten daudenek emango dute botoa». Azken saioa Oiharte sagardotegian jokatuko da, Segura-Zerain mendi lasterketako azken korrikalariak Zeraindik pasatu ostean, 16:30a aldera. «Bazkaldu gabe ere bazkalosteko saioa entzutera joan nahi dutenentzat sarrera libre izango da». Gainerako hiru saioetan bezala, sagardotegiko saioan ere entzuleek emango dute botoa. Azkenean, lau saioetako «boto guztiak zenbatuko dira eta desafioa gazteek ala beteranoek irabazi duten jakingo da». Irabazleek herriko produktuz osatutako saskia eta oroigarri sinboliko bana jasoko dute.
Bazkarirako izena gaur
Azkeneko saioa hasi aurretik, ordea, bazkaria egingo dute Oiharte sagardotegian bertan, 14:00etan hasita. Bazkaltzera joan nahi dutenek izena eman behar dute aurrez (gaur da azkeneko eguna) Oiharten, edo Mandio eta Ostatu tabernetan. Bihartik aurrera norbaitek izena eman nahiko balu, Oihartera bertara deitu beharko du. 30 euro balio du bazkariko txartelak (entsalada, bakailao tortilla, Lumagorri oilaskoa, gazta, kafea eta edaria); haurren menua ere egongo da 14 euroan.
Herriko jarduera bultzatu
Zerain Laben egitasmo honek, bertsolaritza sustatzea baino helburu gehiago ere baditu: «Bertsoa, herri giroa, belaunaldi arteko transmisioa eta festa uztartu nahi ditu desafio honek, Zeraingo produktuak eta bertako ostalaritzako jarduera sustatzearekin batera».