Mus txapelketa, bigarren eskuko azoka eta Seat 600 autoak, asteburuan Eitzagan
Zumarragako Eitzaga auzoan San Isidro, maiatzak 15, egunaren bueltan ospatzen dituzten jai nagusien atarian, giroa berotzen ari dira jada. Aurreko larunbatean Txalaparta Eguna egin zuten. Goizean haurrek txalaparta jotzeko aukera
Zumarragako Eitzaga auzoan San Isidro, maiatzak 15, egunaren bueltan ospatzen dituzten jai nagusien atarian, giroa berotzen ari dira jada. Aurreko larunbatean Txalaparta Eguna egin zuten. Goizean haurrek txalaparta jotzeko aukera izan zuten 11:00etan hasita eta 13:00etan triki poteoa egin zuten. Ondoren bazkari herrikoia izan zen eta arratsaldean trikitilari eta txalapartariekin poteatu zuten. Festara Arrasateko txalapartariak gonbidatu zituzten. Zuhaitzaren Soinuko txalapartariek ere parte hartu zuten.
Eitzagako jai batzordeko kideak lan eta lan ari dira azkenaldian eta Txalaparta Eguna ez da jaien atarirako prestatu duten ekitaldi bakarra. Izan ere, datorren asteburuan Eitzagako bigarren eskuko eta elkartruke azoka egingo dute. Igandean izango da, hilak 7, 11:00etatik 14:00etara. Izen ematea atzora arte irekita egon da eta izena soilik Eitzagako bizilagunek eman ahal izan dute. Helburua traste zaharrak ateratzea eta trukatzea da, «mundu garbiagoa egiteko».
Ez da datorren astebururako egin duten hitzordu bakarra. Festetako egitarauaren baitan mus txapelketa izango da eta txapelketa datorren larunbatean, hilak 6, izango da. Eitzagako ermitako aterpean egingo dute 16:00etan hasita. Zortzi erregeetara jokatuko dute eta izen ematea 30 eurokoa izango da bikoteko. Partidak hasi aurretik opariak banatuko dizkiete parte hartzaileei. Amaieran, lau sari emango dituzte.
Datorren igandean, bestalde, Seat 600 autoen erakusketa dago Zumarragan eta autoek geldialdia egingo dute Eitzagan 12:30ean. Giroa berotzen jarraitzeko hilaren 9an, asteartea,19:00etan, auzoko Irrika elkartean Jose Francisco Benitez Txiskok gidatutako zuzeneko sukaldaritza saioa egingo dute. Eitzagako tabernetan salgai jarri dituzte parte hartu nahi dutenek hartu beharreko txartelak; 5 euroan salduko dituzte.
Eitzagako San Isidro jaiek hilaren 12an egingo dute eztanda eta auzoa festetan murgilduko da hilaren 15era arte. Herri afaria izango da 12an bertan eta txartelak honezkero eskuratu daitezke auzoko tabernetan. Azken eguna maiatzaren 9a da. Afaria ermitan izango da, berogailu eta guzti.