Olaberrian ireki dute udalekuan izena emateko epea, hiru adin-sailetan banatuta
Udan Olaberriko haur, nerabe eta gazteek aisialdiko eskaintza izango dute, aurten ere. Udalak hiru adin-tarte desberdinetarako programak zehaztu ditu, eta izen-emate epea ireki du. Maiatzaren 26rako apuntatu behar da, udaletxera edo jolas-txokora joanda.
Haurrek eta nerabeek (11 urtera artekoek) ekainaren 26tik uztailaren 28ra izango dituzte udalekuak, Olaberrian bertan. Dantzak, musika, eskulanak, tailerrak eta bestelako jarduerak izango dituzte aukeran, astegunetan 10:00etatik 13:00etara. Garraio zerbitzua ere jarriko dute.
Ludotekako bazkideen kasuan, haur bateko sendiek 35 euro, bikoek 25 eta hirukoek 15 euro ordainduko dute kuota. Bazkide ez direnek, 5 euro gehiago, mota bakoitzean.
Gaztematika sisteman
Gazteen kasuan (11-17 urte artekoak), Olaberriko Udalak hirugarren urtez Gaztematika programarekin bat egin du. Gipuzkoako haurren eta gazteen sustapenerako sistema da.
Duela hiru urte, programako aitzindarietako bat izan zen Olaberria, gainera, Albizturrekin eta Aiztondo bailararekin batera. Teknikariek eta aldundiak sortu zuten Gaztematika, herri txikietan bizi diren 11-17 urte arteko gazteentzat udaleku eskaintza gisa. Aurten, Arama eta Lizartza ere sartu dira, eta beste herri txiki batzuk aztertzen ari dira.
Kontrabandisten udaleku ibiltaria egingo dute aurten programa berezi horretan, uztailaren 2tik 8ra. 2000, eta 2006. urteen artean jaiotakoak joan litezke. Horiek ere izena emateko epea maiatzaren 26ra arte dute.