Turismoaren Kalitate Ziurtagiria jaso dute Goierriko 24 establezimenduk
Turismo arloan lan egiten duten Goierriko 24 establezimenduk kalitate ziurtagiriak jaso dituzte gaur, Donostiako Miramar jauregian egindako ekitaldian. Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako turismorako kalitate programan parte hartu dute aipatutako enpresa eta establezimenduek, eta denek gainditu dute ebaluaketa.
Kalitate programako ziurtagiriez gain, Segurako Imaz Hotelak beste bi ere jaso ditu: Ecolabel eta Energia Eraginkortasunaren agiriak, hain zuzen ere. Gainera, bi ziurtagiri horiek dituen Goierriko lehendabiziko alojamendua izango da Segurakoa.
Goitur Turismo Agentziak azaldu duenez, Kalitate programaren plan pilotua 2006. urtean jarri zuten martxan, Zarautzen eta Goierrin. Aurreneko urte hartan bi talderekin hasi zen lanean Goierri; 2007an hirugarren talde bat batu zen eta 2012an laugarrena. Talde horietan, hotelak, pentsioak, landetxe eta nekazaletxeak, jatetxeak, turismo bulegoak, interpretazio zentro eta museoak eta zerbitzu turistikoak eskaintzen dituzten enpresak daude.
Goiturrek gogorarazi du ziurtagiria jaso duten establezimendu horiek “esfortzu handia” egin dutela kalitatearen aldeko apustua eginda. Eta errekonozimendu hori, “zerbitzuan eta gestioan hobetzeko egiten duten lanaren adierazgarri bezala” jaso dutela azpimarratu du.
Ziurtagiria jaso duten Goierriko establezimenduak:
- Toki Alai jatetxea (Arama)
- Guregas hotela (Beasain)
- Dolarea hotela (Beasain)
- Salbatore hotela (Beasain)
- Igartza jautegia (Beasain)
- Korta jatetxea (Gabiria)
- Gaztaren Interpretazio Zentroa (Idiazabal)
- D’Elikatuz Interpretazio Zentroa (Ordizia)
- Erro zerbitzu turistikoak (Ordizia)
- Zumalakarregi Museoa (Ormaiztegi)
- Segurako Turismo Bulegoa (Segura)
- Ertaroko Interpretazio Zentroa (Segura)
- Ondarre Nekazalturismoa (Segura)
- Imaz Hotela (Segura)
- Aizkorriko Ataria Interpretazio Zentroa (Zegama)
- Arrieta Haundi Nekazalturismoa (Zegama)
- Zeraingo Turismo Bulegoa (Zerain)
- Aldabe zerbitzu turistikoak (Zerain)
- Mandio jatetxea (Zerain)
- Oiharte Sagardotegia (Zerain)
- Oiharte Nekazalturismoa (Zerain)
- Aizpeako Meategiak (Zerain)
- Zeraingo Aterpetxea (Zerain)
- Zeraingo Herri Museoa (Zerain)