Udako tomatea
(4 pertsonentzat)
4 tomate ertain 2 ahuakate Lima 1 Oliotan dauden 8 antxoa 8 otarrainxka egosi 4 urdaiazpiko xerra Arrautza egosi ...Osagaiak
(4 pertsonentzat)
- 4 tomate ertain
- 2 ahuakate
- Lima 1
- Oliotan dauden 8 antxoa
- 8 otarrainxka egosi
- 4 urdaiazpiko xerra
- Arrautza egosi 1
- Salmorejoa
- 8 kapar
- Ozpinetako 4 pepino txiki
- Letxuga
Prestaketa
Lau tomateak ur irakinetatik pasatu eta hozten direnean zuritu. Lehenik tomateei gainean xerra bat ebaki behar zaie, gero estalki bezala erabiltzeko. Ondoren tomateak barrutik hustu. Ateratzen den haragia beste plateren bat prestatzeko gorde.
Ahuakateak dadotxotan zatitu, otarrainxkak eta oliotako antxoak ere txikitu. Dena ontzi batean nahastu eta fin-fin txikitutako pepino txikiak eta kaparrak gehitu. Ondoren dena lima zukuarekin busti. Gatza behar badu bota, baina kontuz, antxoek gazitu egiten dute eta.
Urdaiazpiko xerrak labean egin kurruskari geratu arte. Ondoren xehatu, urdaiazpiko hautsa lortu ahal izateko.
Tomate hutsak ahuakatearen nahasiarekin bete, eta ondoren, lehen gorde dugun tomate xerra jarri estalki moduan.
Aurkezteko
Plater batean txikitutako letxuga jarri, eta honen gainean tomate beteak. Gainetik salmorejoa isuri, tomatea estali arte. Ondoren urdaiazpiko hautsa bota, baita ondo txikitutako arrautza egosia ere, eta jateko prest dago.
Ivanka Sevdina
Argazkiko tomate betea Ivanka Sevdinak prestatu du. Sukaldari bulgariarrak 13 urte daramatza Gabiriako Korta jatetxean, Lontxo Ormzabalen ondoan.
Barazkirik finena? Asko, baina bat esatekotan lekak.
Arrainik goxoena? Mero zuria.
Haragirik gustukoena? Ahate magreta.
Otordu bat ondo bukatzeko? Fruten moussea.
Ardo zuri bat? Verdejo mahats motarekin egindakoak.
Eta beltza? Dueroko ondutako ardoa.
Zuretzat derrigorrezkoa den espeziea? Kuminoa.
Zein duzue kartako plater izarra? Labean egindako arrainak.
Zein sukaldari miresten duzu? Pedro Subijana eta Sergio Fernandez.
Bulgariako plater bat? Musaka. Patatarekin, haragi txikituarekin eta barazki txikituekin egiten da. Grezian egiten denaren desberdina da.