[HERRIZ HERRI] Goierrin dago Mutiloa, 250 biztanleko herria; naturaz eta lasaitasunaz inguratuta. Gipuzkoako meatze gune historiko garrantzitsuenetako bat egon zen martxan bertan, orain 25 urtera arte. Txirrindularien sehaska da. 'Txerri gorriak' dira ezizenez mutiloarrak.
Azkenaldian, Mutiloako Lurpe zabortegian Gipuzkoako hiri hondakinak hartzeko erabakiak eta albisteak ezagun egin du Goierriko 250 biztanleko herri hori. Hori baino askoz gehiago da, ordea, Mutiloa. “Naturaz inguratutakoa, lasaia, baketsua, patxada handikoa…”, hitz horiekin deskribatu du herria Iñaki Ugalde alkateak. Nekazari giroko herria bada ere, hirigunetik gertu dago Mutiloa, N-1 errepidetik hamar minutura baitago.
“Orain dela hamar bat urtetik, lehen baino ehun bat lagun gehiago bizi gara Mutiloan, eta salto kualitatibo handia eman dugu. Gutxieneko zerbitzu edo azpiegitura mantentzeko gutxieneko biztanle kopuru bat behar da”. Gertutasunak eta lasaitasunak erakarri du jendea. 2000. urtean erabaki zuten herrian etxebizitza berriak egitea, eta, biztanle kopuru horri esker, herrian bertan dauzkate haur eskola, ludoteka eta mediku zerbitzua. “Eskolarik ez dago duela 45 urtetik”, azaldu du Ugaldek. Pilotaleku estaliak, haur parkeak, elkarteak, plazako ostatuak eta Lierniko gainak eta bertako tabernak “balio erantsia” ematen diote Mutiloari. Udaletxe berria egin zutenean egokitutako erabilera askoko ganbara ere “oso erabilgarria” dute hainbat eta hainbat ekintza antolatzeko.
Sanpedroetan ospatzen dituzte herriko jaiak, ekain amaieran, eta irailean izaten dira Andre Mari jaiak Liernin. Urteko bi ekitaldik erakartzen du jende gehien kanpotik: batetik, San Pedro jaietako ostiralean antolatzen duten sagardo dastaketak —ekainaren 30ean aurten—; eta, bestetik, azaroko lehenengo igandean antolatzen duten Txerri Azokak. “Sagardo dastaketak 25. urtea izango du aurten, eta gauza bereziren bat antolatu nahian gabiltza”, aurreratu du Ugaldek. Txerri Azoka ere gero eta arrakasta handiagoa lortzen ari da urtez urte —mutiloarrak
txerri gorriak dira ezizenez—.
Nekazaritza eta meatzaritza
Historian atzera eginda, Mutiloan nekazaritza eta meatzaritza izan dira jardunbide nagusiak. “Nekazaritza herria da, eta jardun horrek garrantzi handia dauka oraindik. Jarduera ekonomikoa aintzat hartuta, ez dauka pisu handirik, baina garrantzitsuak dira nekazaritza eta abeltzaintza mistoa. Baserritik bakarrik bizi denik ez da ia inor egongo, baina garrantzitsua da daukagun paisaia zaintzeko”.
Duela 25 urtera arte, Gipuzkoako meatze gune historiko garrantzitsuenetako bat egon zen martxan Mutiloan. Erdi Arotik dago dokumentatua meatzaritza herrian, eta XX. mende bukaeraraino iraun du Peatzan eta Ergoeneko magaletan. “Inguru honetan, bakea eta lasaitasuna dira nagusi egun, baina irudi horrek ez du zerikusirik garai batean hemen egin zuten lan gogor eta etengabearekin”. Bere meatze esparru bereziaren kultur eta natur balioak berreskuratzearen aldeko apustua egiten ari da gaur egun Mutiloa. Familia giroan egiteko ibilbideak prestatu dituzte. Troi bideak, esaterako, herriko meatze esparruan barneratzeko eta meatzaritzaren iraganeko jarduna ezagutzeko aukera ematen du; hiru kilometroko ibilbidea da. Bide Berdeak, berriz, antzinako meatze trenbidearen bidetik jarraitzeko aukera ematen du, Barnaolan hasi, eta, Liernitik barrena, Ormaiztegiraino. 4,5 kilometroko ibilbidea da guztira. Hain zuzen ere, bihar, Bide Berdearen Nazioarteko Egunean, landareak ezagutzeko ibilaldia egingo dute Clara Gutierrez biologo eta etnobotanikan adituak gidatuta. Ormaiztegiko Udalarekin eta Zumalakarregi museoarekin elkarlanean antolatu dute ibilaldia, eta 16:00etan abiatuko dira, Liernitik.
Txirrindulari herria
Munduan herri gutxi egongo da Mutiloan adina txirrindulari sortu denik. Mailaz maila, 250 biztanletik gutxienez bost txirrindulariak dira: Jon Ander Insausti, Pello Olaberria, Ander eta Mikel Alonso, eta Asier Irureta. Insausti, gaur egun, Bahrain Merida taldearekin ari da lehiatzen, txirrindularitzako maila gorenean, World Tour mailan. Maila goren-gorenean dabiltzan beste bi txirrindularik ere harreman zuzena dute Mutiloarekin: Gorka eta Ion Izagirre anaiek. Movistarreko txirrindularia da lehena, eta Bahraingoa bigarrena. Mutiloarra dute ama, eta herrian ordu asko igarotakoak dira biak ala biak.