Pello Garinen marka ontzetik 15 segundora gelditu da Aritz Egea
Aritz Egea urretxuarra gizonezkoetan eta Mayi Mujika elgoibartarra emakumezkoetan izan dira Izazpiko Igoerako irabazleak
Ez zuen askorik falta. 15 segundo. Aritz Egea korrikalari urretxuarra asko gerturatu da, baina ez du Pello Garinek 1982an Izazpiko Igoeran jarritako marka ontzea lortu.
Egea zen lasterketa irabazteko faborito garbia, eta hala egin du, baina ikusmin handiagoa zegoen marka onduko ote zuen ikusteko, irabazlea nor izango zen jakiteko baino. Haren atzetik, lau minutuko aldearekin iritsi zen Beñat Katarain lakuntzarra, eta beste hiru minutura Jon Lasa oñatiarra. Ezkiotar batek, Jon Gartziandiak laugarren bukatu zuen eta Gaizka Romero legazpiarrak bosgarren; biak ere, bezperan Segura-Zerain proba eginda etorri ziren.
Emakumezkoetan ere izan zen asteburuko bi probetan aritu zenik, Igone Campos zumarragarra eta Janire Agirre ataundarra esaterako. Helmugan azkarrena, ordea, Mayi Mujika elgoibartarra izan zen, 42:21ko denbora eginda.
Gizonezkoak
- Aritz Egea (Urretxu) ………………… 31:44
- Beñat Katarain (Lakuntza) ……….. 35:44
- Jon Lasa (Oñati) ……………………… 38:36
- Jon Gartziandia (Ezkio) …………… 39:23
- Gaizka Romero (Legazpi) …………. 40:33
- Mayi Mujika (Elgoibar) ……………. 42:21
- Igone Campos (Zumarraga) ……… 45:28
- Ane Iturria (Tolosa) …………………. 47:13
- Ainhoa Unanue (Urretxu) …………. 48:34
- Janire Agirre (Ataun) ……………….. 54:18
- Sailkapen osoa: herrikrosa.eus
Aritz Egea Ezkioko Suziri2017ko maiatzaren 7a zen. Eguerdiko 12:00tan suziri baten hotsak asaldatu zuen Ezkioko plazako harrabotsa, eta are gehiago asaldatu zuen 12:20etan Izazpiko ikurrina, suziri baten pare korrika agertu zen Aritz Egea korrikalariak. Izazpi gaineko ikusleak suziriaren lorratz zuria zeruan nabaritzerako, Aritzen eskuek aizkora eta gurutzea laztandu eta ikusleek harri eta zur begi-niniak igurtzerako; 12:31ean lehertu zuen Aritzek Ezkioko plazako ordularia 31minutu eta 44 segunduko marka eginez Izazpiko igoeran.
1982an Pello Garinek 31minutu eta 26 segundu egin zituen eta guk ez genuen ikusi zoritxarrez, baina aurtengoa ikusi eta bizi egin dugu ezkiotar guztiok eta halaxe kontatuko diegu geure ondorenei. Izan ere, geure herri txikiaren historian urrezko hizkitan idatzi beharreko korrikalari bikainak izan ziren eta IZAN BADIRA.
–Joxe Mari Gabilondo













