Legazpiko armen alardea.
Ekainak 23, San Joan bezperan egiten den Armen Alardean parte hartzeko izen-emate epea ireki dute. Eskopetari gisa alardearekin Legazpiko kaleak zeharkatuko dituztenek kultur etxean edo udaletxeko arreta bulegoan izena eman beharko dute maiatzaren 19ra bitartean. Baldintza bakarra 16 urtetik gorakoa izatea da.
Izena ematen dutenekin bi zerrenda egingo dituzte; bata arma lizentzia zein eskopeta dutenekin eta bestea lizentziarik ez dutenekin. Bigarren zerrendako legazpiarrek udalak eskuratuko dituen balarik gabeko eskopetekin aterako dira. Arma kopurua mugatua da, 50 hain zuzen, eta izen-emate ordena hartuko da kontuan.
Izena ematerakoan bi abizen eta NAN zenbakia ere eman beharko dira, helbidearekin eta telefonoarekin batera. Arma lizentzia dutenek armaren lizentzia eta erabiliko duten eskopetaren gida aurkeztu beharko dituzte.
Aurten, berritasun gisa, olari, baserritar eta abar aterako dira Armen Alardean eta rol horietan parte hartzeko ere izena eman beharko dute 16 urtetik gorakoek.