Giro polita eta parte-hartze handia izan dira Goierri ezagutzen zikoturista martxaren laugarren edizioan, 380 txirrindulari, hain zuzen ere.
Eguraldi bikaina lagun zutela burutu zen igandean Goierri Ezagutzen zikloturista martxa. Parte hartzean ere nabarmen nabaritu zen hori, 380 txirrindulari izan baitira aurtengo edizioan. Joan den urtearekin alderatuta, dexente gehiago, 219 atera baitziren orduan. Hori guztiagatik, «oso pozik» agertu dira antolakuntzakoak, «guztia espero baino hobe» atera delako.
Bi ibilbide egon ziren aukeran; luzeak 123 kilometro zituen eta laburrak, berriz, 88 kilometro. Ordizian hasi eta bukatu ziren bai bata eta bai bestea, Goierriko hainbat herritatik igaro ondoren. Ibilbide osoa egiteko hiru ordu eta 41 minutu behar izan zituen lehenak. Zikloturistez gain, laguntza lanetan 30 pertsona aritu ziren.
Hastapenak
Orain dela hiru urte antolatu zuten aurrenekoz Goierri Ezagutzen zikloturista martxa, txirrindularitza sustatzeko asmoarekin. Antolakuntzako kideek azaldutakoaren arabera, «urte hartan Ordizian hasi behar zuen Euskal Herriko itzuliak» eta «horrek bultzatuta ere sortu zen ideia».
2014. urtea zen, eta apirilaren 7an abiatu zen Euskal Herriko itzulia. Ordizian hasi eta bukatu zen etapa egun hartan, eta Goierri eta Tolosaldeako hainbat herri eta mendate igaro zituzten. Alberto Contador izan zen pelotoiko azkarrena Ordiziako helmugan eta 13 segundoko tartea atera zion Alejandro Valverderi.
Gaintzako aldapa zen puntu beroetako bat, eta hantxe hasi zen lasterketa erabakitzen. Valverde tiraka aritu eta gero, Contadorrek ihesari ekin eta tartea atera zion Valverderi; beherakoan eta azken kilometroetan eutsi egin zion.