Eitzaga auzoan San Isidro jaiak ospatuko dituzte ostiraletik aurrera
Eitzaga auzoan San Isidro jaiak ospatuko dituzte astelehenetik aurrera. Urteroko moduan, makina bat ekitaldi antolatu dute eta aurreko egunetan ere egon da zer egin eta zer ikusi. Atzo bertan, Jose
Eitzaga auzoan San Isidro jaiak ospatuko dituzte astelehenetik aurrera. Urteroko moduan, makina bat ekitaldi antolatu dute eta aurreko egunetan ere egon da zer egin eta zer ikusi. Atzo bertan, Jose Francisco Benitez Txisko-k jardunaldi gastronomiko bat gidatu zuen Irrika elkartean. Txartel guztiak saldu ziren.
Ostiralean, 18:00etan, haurrentzako jolasak eta eskulanak eta txokolatada egongo dira. 19:00etan auzotar ezagun batek pregoia irakurriko du eta buruhandiak irtengo dira. Ondoren, musika bandak kalejira egingo du eta Jai batzordearen taberna irekiko dute.
19:30etik aurrera, berriz, txistorra jateko eta sagardoa edateko aukera egongo da, euro baten truke. 20:15ean trikipoteoa egingo dute eta 21:30ean afaltzeko eseriko dira. Herri afaria auzoko trikitilariek girotuko dute. Ostiraleko ekitaldiekin bukatzeko, gauerditik aurrera DJ Alcaponek auzoan bildutakoak dantzan jarriko ditu.
Larunbata
Larunbatean haurrentzako ekitaldiak, kirol ekitaldiak eta musika izango dira nagusi. 11:30etik 13:30era Play Station, futbolin eta ping pong txapelketak eta sukaldaritza eta eskulan tailerrak egongo dira, Topalekun. Ordu berean, toka txapelketa hasiko da. 12:00etan pilota partidak egongo dira, 16:30ean kros herrikoia hasiko da eta 18:30ean herri kirol desafioa hasiko da. Bi talde arraunean eta giza-proban lehiatuko dira.
Ondoren, musika izango da protagonista: 19:00etan Harla Horror taldeak joko du, 20:15ean eta 00:15ean Burrunba elektrotxarangak eta 22:00etatik aurrera Petti ta Etxeko Uzta eta Lie Detectors taldeek.
Igandean musikariak izango dira kalera irteten lehenak: 10:00etan txistulariek goiz eresia egingo dute, 10:30ean auzoko txalapartariek eta Zuhaitzaren Soinua taldekoek joko dute eta Goiargi abesbatzak 11:00etako mezan abestuko du.
12:30ean aizkora erakustaldia egongo da (Elorriaga aita-se-meak, Ugarteburu eta Esnaolaren aurka) eta 13:00etan Irrintzi taldearen Dantzari Txikiko haurrek auzoan dantzatuko dute. 18:00etan Irrintzik bere 50. urteurrena ospatzeko antolatutako erromeria egongo da eta 20:00etan Tudela Canta taldeak nafar jotak abestuko ditu.
Festak astelehenean bukatuko dira, San Isidro egunean. 11:00etan meza egongo da eta ondoren auzoko jubilatuek hamaiketakoa egingo dute. 18:00etan pottokekin eta zezentxoekin jolasteko aukera egongo da eta 20:00etan trikipoteoa egingo dute.