Gastronomiaren elkargunea
Mundu osoko herrialdetako 40 turismo ordezkarik bisitatu dute Goierri, Basque Culinary Center-en egiten ari diren hirugarren Foro Gastronomikoaren barruan.
Maiatzaren 8an eta 9an Mundu mailako III. Foro Gastronomikoa ospatu da Donostian Basque Culinary Center-en egoitzan. Atzo goizean, foroko irakasle, ikasle eta parte hartzaileentzat bisitak antolatu ziren Euskadiko norako gastronomiko desberdinetara: Arabar Errioxara, Donostiara, Zarautz-Getariara, Sagardoaren Lurraldera, Hondarribira eta baita Goierrira ere, Idiazabal Lurraldea ezagutzeko.
Mundu osoko herrialdetatik etorritako 40 bat pertsona gerturatu ziren Goierrira bisitan. Besteak beste, ondorengo herrialdeetako turismo ordezkariak izan ziren: Kanada, Mexiko, Indonesia, Zipre, Belgika, Vietnam, Kenia, Errusia, Argentina, Jamaika, Grezia, Erresuma Batua, Australia, Japonia, Irlanda eta Txekia.
Ordiziako Elikadura eta Gastronomiaren Interpretazio Zentroan, D´elikatuz-en, harrera egin eta bideoa ikusi ondoren, azoka egiten den plazara bisita egin zuten. Ondoren, Beasaingo Ondarre gaztandegia ezagutu zuten eta Beasaingo Igartzan hamaiketakoa izan zuten.
Goierrira egindako bisitaz aparte, Goierri eskualdeak foroaren lehen egunean ere izan zuen presentzia, 2015ean Europako Batzordeak emandako sariaren ildotik, turismo jasangarriaren eredutzat dutelako Goierri. Aitortza hori jaso duen Euskadiko lehen eskualdea da. 2017a Nazioarteko Turismo Jasangarriaren urtea izanik, gai horren bueltan antolatu da foroa, eta horregatik egin da bertan Goierri eskualdearen aipamena Euskadiko turismo jasangarriaren eredu den heinean.
2015ean egin zen Donostian lehen aldiz gastronomiaren foroa, 2016an Perun eta 2018an Tailandian burutuko da.













