Goierri Gorri Euskal Kopako final-laurdenetan da Leioari 2-1 irabazita
Lehen zatiak jaun eta jabe izan ziren etxekoak, baloiaren jabe eginez eta jokoa alde batera eta bestera mugituz. Aurreneko ordu erdirako 2-0 aurreratu ziren, Ane Lopez eta Ane Leizagaren gol banari esker. Partida erabakita uzteko aukera gehiago izan zituzten lehen zatian, baina ez zuten partida errematatu.
Bigarren zatian beste indar batekin atera ziren bizkaitarrak, erasora joaz eta aukera ugari sortuz. Goierritarrek ere baloi bat zutoinera bota zuten, eta partida nahikoa irekita egon zen zenbait unetan. Leioakoek 82. minutuan egin zuten gola, eta azken minutuak tentsio handikoak izan ziren. Baina defentsan ondo aritu ziren etxekoak eta ez zuten beste golik jaso.
Euskal Kopako lehen kanporaketa gaindituta, hurrengoan Aurrera Vitoria izango dute aurkari, final laurdenetan. Kanporaketa horrek joaneko eta bueltako partidak izango ditu.
Gazte mailetan porrotak
Jubenil mailan, jipoia jaso dute Goierri Gorriko neskek. Eibarren bisita garesti atera zaie gorriei, 1-8ko markagailuarekin amaitu baitzen partida. Emaitzak berak islatzen du zelaian gertaturikoa, eibartarrak nagusi izan zirela norgehiagoka guztian zehar alegia.
Puntu bat bildu da kadete mailan. Ohorezko mailakoek ezin izan dute punturik batu, Deban 3-1 galdu zutelako. Lehenengo mailakoek bai ordea, Zarautzen partida lehiatu baten ondoren. Banako berdinketa ekarri dute etxera, lehen zatian jaso zutelarik gola lehen zatian eginiko jaurtiketa bakarrean. Joko parekatua ikusten zen berdegunean, eta amaierako minutuetan lortu zuten merezitako puntua Araitzen golari esker.
Infantil mailan hiru porrot asteburuan. Txapeldunen fasean Goierri Gorri “B”-k 4-6 galdu zuen Ilintxaren aurka. Kopan berriz, Zestoan 2-1ekoa jaso zuen Goierri Gorri “A”-k; Goierri Gorri “C”-k bestetik 1-2 Amaikak Baten aurka.
Asteburuko jai giroa alebinek jarri dute. Goierri Gorriko bi taldeek elkarren aurka jokatu behar zuten, baina elkartasuna eta laguntasuna bultzatzearren guztiak nahastuta jokatu zuten partida. Irabazle beraz bi taldeak erakutsitako jarrera eta konpromisoagatik.












