Zerbitzua zabalik egongo da azterketa garaia irauten duen bitartean, ekainaren 25era arte
Legazpiko Udalak eta erabiltzaileek «oso ondo» baloratu dute aurreko abendutik urtarrilera Bikuña jauregian ireki zuten ikasgela eta berriro martxan jarriko dute etzi. Oraingoan zabalik egongo da astegunetan 08:00etatik 20:00etara eta larunbat, igande zein jaiegunetan 09:30etik 20:00etara.
Ikasgela irekita egongo da azterketa garaiak irauten duen bitartean; hain zuzen, ekainaren 25era bitartean.
Zerbitzua prestakuntza zikloan nahiz unibertsitatean ikasten ari diren 18 urtetik gorako legazpiarrek erabili ahal izango dute. Erabiltzaileek sarbide txartela eskuratu beharko dute udaletxeko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan. Txartela jaso daiteke dagoeneko 07:30etik 15:00etara.
Aurreko denboraldian 32 lagunek erabili zuten ikasgela zerbitzua. Gehienak unibertsitateko ikasleak izan ziren. Erabiltzaileen artean, hala ere, ikasketak amaituta eta oposaketak prestatzen ari ziren ikasleak ere egon ziren.