Zegaman egin diren proiektuak ezagutzen izan da Ainhoa Aizpuru diputatua
Joseba Izagirre alkateak adierazi du lehen sektoreak garrantzia duela Zegaman, eta zentzu horretan, herri pistak eta baserri bideak konpontzeko zeregin horretan buru-belarri ari direla lanean. Agintaldi honetan bide eta pista gehienak konpontzeko esperantza du alkateak. Era berean, zehaztu du Biomasa gunearen bidez udaletxea, kultur etxea, kiroldegia eta ostatua berotzen dituztela. “Gure inbertsioak hortik doaz, eta falta zaizkigun eraikin publiko batzuk energia mota horren bidez berotu nahi ditugu”.
Ainhoa Aizpururen esanetan, Landagipuzkoa + programaren lan-lerro nagusiena baserri bideen berritzea dela. Iazko diruarekin lau baserri-bide konpondu dituzte Zegaman 40.000 euro inguruko aurrekontuarekin. “Pista asko dago Zegaman, baserri bide asko, eta lehentasuna zeini eman erabakitzen aritu gara”. Horrez gain, herri txikietan ekonomia aktibitate eta lanpostu berriak sortzeko aukera ere badagoela nabarmendu du.
Gipuzkoako Foru Aldundiak herri txikiei begira sortutako Landagipuzkoa+ programaren barruan Zegaman egin diren proiektuak ezagutzen izan da gaur goizean Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapen, Landa Garapen eta Lurralde Orekako diputatu gabiriarra. Datozen urteei begira Zegamak dituen beharrak jaso ditu Aizpuruk Joseba Izagirre alkatearen ahotik, eta segidan iaz egindako parke berria, biomasa gunea eta berritutako baserri bideak ezagutu ditu. Iñaki Labaka Lurralde Orekako zuzendaria eta Joseba Elosua Etorlurreko zuzendaria ere bileran izan dira.