Aurreko urtean Astigarragan egin zuten lehenengo topaketa. Aurten Legazpira ekarri dute. Gipuzkoako lau musika eskolatako ikasleek kontzertua egingo dute Latxartegi aretoan
Legazpiko Doinua musika eskolak zeharkako txirula topaketa antolatu du. Iazkoan egin zuten lehenengoz, orduan Astigarragan (Gipuzkoan). Aurten Legazpira ekarri dute eta Gipuzkoako lau musika eskolatako 70 bat txirula jotzaile elkartuko dira.
Doinua musika eskola, Sekundino Esnaola (Zumarraga), Jose de Azpiazu (Oñati), Leizarra (Aretxabaleta) eta Norberto Almandoz (Astigarraga) musika eskoletako ikasleek parte hartuko dute. Aitor Madina Doinuako zuzendariaren hitzetan, «musika tresna hau jotzen dutenek ez daukate elkartzeko aukera asko. Topaketa ekimen polita da euren artean egiten duten lana partekatu dezaten».
Musikariak Legazpira iritsi eta elkarrekin entsegua egingo dute. Izan ere, 13:00etan guztiek batera kontzertua eskainiko dute Latxartegi aretoan. Emanaldiaren ondoren Gizarte Zentroan bazkalduko dute. 8 eta 18 urte bitarteko ikasleek parte hartuko dute topaketan.
Egun, zeharkako txirula Doinua musika eskolan ikasten dutenen artean gehien hautatutako tresna da. Madinak dioenez, tresna honek «soinu oso fina dauka; erraz eraman daitekeen tresna da eta neskek aukeratzen dute gehien».
Doinuako xirulariak
Gaur-gaurkoz 28 ikaslek jotzen dute zeharkako txirula Doinuan eta horietatik 24 neskak dira. «Ez dauka zertan beti nesken tresna izan beharrik, baina egia da aukeratzerakoan nesken txirularekiko joera nabarmenagoa dela. Txistuarekin alderantziz gertatzen da», azaldu du Aitor Madinak.