Bidezko merkataritzako produktuen azoka egin du Herriak Elkarlanean taldeak.
Gaur, Bidezko Merkataritzaren Eguna izanik, azkeneko urteetako ohiturari jarraituz, Beasaingo Herriak Elkarlanean gobernuz kanpoko erakundeak bidezko merkataritzako produktuak saltzeko eta ezagutzera emateko azoka antolatu du Zubimuzu plazan. Beste zenbait produkturen artean, bidezko merkataritzako jatorridun kafea, txokolatea eta bizkotxoa dohainik dastatzeko aukera izango da. Haurrentzako jolasak ere antolatu dituzte.
Egitasmo horrekin, «bidezko merkataritza ezagutarazi” nahi izan dute, “merkataritza mota honetako produktuak herritarrei gerturatuz”.
Bidezko merkataritza
Bidezko merkataritza «ohiko merkataritzaren alternatiba bat da, gobernuz kanpoko zenbait erakundek, baita Nazio Batuen Erakundeak ere, sustatua». Herriak Elkarlanean erakundeak zehaztu duenez, bere helburua, «ekoizleen eta kontsumitzaileen artean merkataritza-harreman bidezkoagoak eta boluntarioak lortzea» da.
Horretarako ekoizleek kooperatibak sortzen dituzte, haurrak ez dituzte esplotatzen eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatzen dute, baita giza eskubideekiko errespetua ere. Aldi berean, kalitatea eta produkzio iraunkorra baloratzen dira.