Senior eta junior mailako taldeek txapel bana irabazi dute; kadeteak aldiz, txapeldunorde gelditu dira.
Hiru final jokatu eta bi irabazi. Hori da BKL saskibaloi taldeko neskek izan duten asteburu betearen balantzea. Senior eta junior mailako taldeek Gipuzkoako Txapelketa irabazi dute, bakoitzak bere kategorian; kadeteak aldiz, txapeldun orde gelditu dira, finaleko partida galduta.
Arri BKLren lehen taldeak Bera-Bera Gros taldea izan zuen aurkari final aurrekoetan, larunbatean Donostiako Bentaberri kiroldegian jokatutako partidan. Etxeko taldeari 49-57 irabazi zioten beasaindarrek, eta igandeko finalerako sailkatu ziren. Antigua Luberri talde indartsua zuten aurrez aurre, baina goierritarrek berriz ere partida ona egin eta 48-53 irabazi zuten. Gipuzkoako txapeldun izendatu ziren, eta horrela, datorren denboraldian, Estatuko 2. mailan aritzeko txartela lortu dute.
BKLko junior mailako neskak
Junior mailako taldeak ere Gipuzkoako txapela lortu du asteburuan. Finala larunbatean jokatu zuten, Cafes Aitona taldearen kontra. Etxean jokatu zuten beasaindarrek, eta herriko zaleen babesari esker, garaipena eta titulua lortu ahal izan zituzten.
Kadeteak txapeldunorde
BKLren kadete mailako taldeak ere lauko finala jokatu du asteburuan, Tolosako Usabal kiroldegian. Aurreneko partida irabazi egin zuten, Cafes Aitona taldearen kontra. Igande goizean, ordea, Eskoriatza taldearen aurka 48-40 galdu zuten beasaindarrek. Klubak, hala ere, taldeak egin duen denboraldi bikaina azpimarratu nahi izan du, hiru partida bakarrik galdu baitituzte.