Beitia Martxaren 21. edizioa egingo dute igandean Urretxu eta Zumarragan
Igande honetan Iñaki Beitiaren oroimenezko mendi martxaren 21. edizioa egingo dute Urretxu eta Zumarragan. Aurten ere ibilbide bakarra egongo da. 34 kilometroko luzera eta 1.800 metroko desnibela izango du. Mendizaleak
Igande honetan Iñaki Beitiaren oroimenezko mendi martxaren 21. edizioa egingo dute Urretxu eta Zumarragan. Aurten ere ibilbide bakarra egongo da. 34 kilometroko luzera eta 1.800 metroko desnibela izango du. Mendizaleak Areizaga-Kalebarren plazatik irtengo dira, 07:00etatik 07:30era bitartean.
Urretxuko parrokiara abiatuko dira eta handik, Larrea baserriko bidetik, Etxaburura joango dira. Bastanixtazabal lepotik Irimoko gurutzera joango dira. Ondoren, Trekutzetik Elosumendira igoko dira, Aizpurutxora jaitsiko dira, Oletara igoko dira, Pagotxoetatik pasako dira eta Anduzu baserritik Etxeberrira jaitsiko dira.
Ibilbidean hiru berrikuntza daude: Etxaburura Larrea baserritik igoko dira, Bastanixtazabal lepotik igaro ondoren Ipeñarrieta jauregiaren ondotik pasako dira eta Anduzu baserritik pasako dira.
Kontrolak Areizaga-Kalebarren plazan (irteeran eta helmugan), Irimon, Elosumendin, Aizpurutxon eta Samiñon egongo dira.
Anoa postuei dagokienez, lau egongo dira: Trekutzen, Aizpurutxon, Pagotxoetan eta Areizaga-Kalebarren plazan. Beti bezala, segurtasuna bermatuta egongo da. Janaria eta edaria soberan egongo dira eta antolatzaileek Gurutze Gorriaren laguntza edukiko dute. Kontrol gune guztietan ibilgailuak egongo dira eta gune horiek gune zentralarekin telefonoz konektatuta egongo dira.
Aparkalekuak
Bestalde, kanpotik datozenek bi aparkaleku berezi edukiko dituzte: bata lizeoan eta bestea La Salle-Legazpi ikastetxean. Hala, ez dute autoa aparkatzen denborarik galduko.
Bezperatik etortzea erabakitzen dutenei, berriz, antolatzaileek lo egiteko tokia eskainiko diete. Mendizaleek lo-zakua bakarrik eraman behar dute. Antolatzaileek prestatutako tokian lo egiteko asmoa dutenek, Internet bidez izena ematean jakinarazi behar dute. Izena ez badute Internetez eman behar, 633 380 136 (Hilario) zenbakira deitu behar dute antolatzaileei beraiek prestatutako tokian lo egiteko asmoa dutela jakinarazteko.
Dagoeneko 300 lagun baino gehiagok eman dute izena. Azken egunetan, egunero 100 bat lagunek ematen dute izena. Urteroko moduan, 1.000 mendizale inguruk parte hartzea espero dute.
Beitia martxan parte hartu nahi dutenek Urretxuko eta Zumarragako kiroldegietan, Ostadar mendi taldearen egoitzan (ostegunean eta ostiralean 20:00etatik 21:00etara) eta beitia.org webgunean eman dezakete izena. 8 euro ordaindu behar dute. Egunean bertan ere eman daiteke izena, baina 10 euro ordaindu behar da.