Olaberriko Castilloko bidegurutzea biribilgune bihurtuko du aldundiak, irailean
Gipuzkoako Foru Aldundiak Olaberriko Castillo hotelaren alboko bidegurutzea birmoldatuko du. N-1eko sarbidearen eta Gi-2632 errepidearen arteko lotura biribilgune bihurtuko du. Gaur goizean aurkeztu du proiektua Bide Azpiegituretako foru diputatu Aintzane Oiarbidek, Olaberrian.
Gaur egun sortzen den «korapiloa» erraztu eta ordenatuko du errotondak. Obrak irailean hasiko dituzte, eta urte bukaerarako amaitzea da asmoa (2,5 hilabeteko epean). Zirkulazioa ez dute guztiz moztuko, lanen garaian. 383.330 euroko aurrekontua du (BEZa barne), eta lizitazio fasean dago prozesua orain.
Biribilguneak 30 metroko kanpo-diametroa izango du; eraztuna, errei bakarrekoa eta 9,5 metro zabalekoa. Hiru bide-adar aterako dira handik: Beasaingo Katea aldera, Olaberriko Ihurre aldera, eta N-1era. Erdian «detaile» bat kokatuko dute, apaingarri gisa. Drenaia, argiteria eta seinaleak ere berrituko dituzte. Bikain-Volvo-Autowag industrigunerako sarrera errotondatik kanpora geratuko da.
Aspaldiko eskaera
Jokin Garmendia alkateak «aspalditik» egiten ari ziren eskaera dela esan du, Olaberriko eta Beasaingo sarbide nagusietakoa delako. 2010etik proiektua martxan jarrita zegoen. Oiarbide diputatuak obra garrantzitsua izango dela aurreratu du, «eguneko ordu guztietan zirkulazio handia dagoelako».