Epaitegiek arrazoia eman diete Guriako langileei eta baliogabe jo dute langile baten kaleratzea
Donostiako sozial arloko epaitegiak arrazoia eman dio CCOO sindikatuari, eta baliogabe jo du Guria enpresako ordezkari sindikal izateko hautagai bat kaleratzeko hartutako erabakia. Hala, Atenciones Metalurgicas Guria enpresa langile hori berriz kontratatzera behartu du, eta kaleratu zutenetik kobratu ez duen soldata ordainarazi dio.
Langile hori, pasa den urtarrilaren 25ean kaleratu zuen enpresako zuzendaritzak, CCOOren hauteskunde sindikaletarako hautagaitza sinatu berria zela. Beste bi langile ere kaleratu zituen orduan, baina atzera onartu egin zituzten enpresan. Jokaldi horrekin, CCOOko kidearen “kaleratzea estali” egin nahi izan zutela salatu du sindikatuak.
Kaleratze hura izan zenetik, protesta eta geldialdi ugari egin dituzte Guriako langileek, kaleratutako lankidea berriz har zezatela eskatzeko eta “eskubide sindikalen urraketa” salatzeko.