Esgrima historiko erakustaldia egingo dute etzi Zumarragan
Larunbatean esgrima historiko erakustaldia egingo dute Zumarragan. 10:30ean izango da. Eguraldi ona egiten badu Zelai Arizti parkean eta txarra egiten badu Beloki pilotalekuan. Jarduera honen zaletuek ezpatak defentsarako erabiltzen ziren
Larunbatean esgrima historiko erakustaldia egingo dute Zumarragan. 10:30ean izango da. Eguraldi ona egiten badu Zelai Arizti parkean eta txarra egiten badu Beloki pilotalekuan. Jarduera honen zaletuek ezpatak defentsarako erabiltzen ziren garaia (XIII. mendetik XIX. mendera) aztertzen dute eta garai hartako ezpatekin lehiatzen dira.
Ekimen honen bultzatzailea Miguel Angel Juarez alacantarra da. Egun Zumarragan bizi da eta esgrima historiko talde bat sortu du. Nahi duten guztiek eman dezakete izena.
Atzo prentsaurrekoa eman zuen Zelai Arizti kultur etxean, Mikel Serrano alkatearekin batera. Larunbateko ekitaldian 30 bat zaletuk parte hartuko dutela esan zuen. Goizean erakustaldiak egingo dituzte eta arratsaldean beraien zaletasunari buruz hitz egiteko elkartuko dira. «Sei urte daramatzat esgrima historikoa egiten eta Zumarragara etorri nintzenean talde bat sortzea erabaki nuen: gustatzen zaidalako eta interesgarria iruditzen zaidalako».
Garai ezberdinetako ezpatak erabiltzen dituzte eta garai bakoitzeko ezpatak nolakoak ziren eta nola erabiltzen ziren jakiteko tratatuak eta nobelak irakurtzen dituzte.
Argi utzi zuen beraien helburua ez dela berregitea (ez dira garai batean bezala janzten, adibidez), baizik eta berreskuratzea. Hala, babesteko gaur egungo elementuak erabiltzen dituzte. «Arkeologia praktikoa egiten dugu».
Adin guztikoentzat
Herritarrak beraiengana gerturatzera animatu zituen. «Jarduera honek kultura eta kirola uztartzen ditu. Ez dago arriskurik eta edonork egin dezake».
Zumarragako Armetxea Kultur Elkartea Estatu espainiarreko 50. esgrima historiko elkartea da. Bilbon lau elkarte daude, Gasteizen bi eta Donostian bat. Larunbateko ekitaldira Errioxako eta Burgosko zaletuak ere etorriko dira. Elkarte horien helburua ezpatekin borrokatzen ikastea eta ikertzea da.
Serranok ekimen berri hau txalotu zuen. «Egitasmo berriei bultzada emateko prest gaude. Gainera, esgrima historikoak Zumarragarekin lotura estua du. Jarduera honek Antioko baselizarekin, Migel Lopez de Legazpirekin eta Legazpi dorretxearekin lotura du. Etorkizunean erakustaldi gehiago antolatuko ditugu. Hurrengoa Santa Isabel jaietan izango da».