GazteDitxa, gazteen topagunea
Autogestioa, burujabetza, euskal kultura eta hizkuntza oinarri izango dituen GazteDitxa Goierriko gazteen topalekua egingo dute lehenengo aldiz bihar, Zaldibian. Goierriko herri ezberdinetako gazteen ...
Autogestioa, burujabetza, euskal kultura eta hizkuntza oinarri izango dituen GazteDitxa Goierriko gazteen topalekua egingo dute lehenengo aldiz bihar, Zaldibian. Goierriko herri ezberdinetako gazteen harremanak sendotzea eta eskualdeko sortzaile, artista edota kultur eragileei euren lanak plazaratzeko espazio komun bat eskaintzea dira bihar festa giroan egingo den topalekuaren helburu nagusiak.
Zaldibiako Gazte Asanbladan sortu zen gerora GazteDitxa izena hartu duen jaialdi honen ideia. Bertako kide Eider Jimenezek esan duenez, Zaldibiako Gazte Asanbladan bazegoen, Goierriko gainerako taldeekin zegoen komunikazio faltak eragindako kezka. «Goierri guztian talde antolatu asko badagoela ikusten genuen, baina gure artean komunikaziorik ez zegoen».
Era berean, eskualde mailan, kulturaren, sorkuntzaren edo hizkuntzaren esparruetan mugimendu handia ere bazegoela sumatu zuten. Horregatik, «espazio bat sortu nahi izan dugu sortzaile eta eragile hauei guztiei euren lanak plazaratzeko abagune bat eskaintzeko», gaineratu du.
Itxaropentsu
Pasa den urteko abenduan hasi ziren ideiari gorputza ematen. Lehendabiziko lana gainontzeko asanblada guztiei ideiaren berri ematea izan zen. «Guztiek gustura hartu zuten ideia, eta orduan hasi ginen lanean». Ez dute lan makala izan, bi astez behingo maiztasunarekin elkartu dira asanblada ezberdinetako ordezkariak topaguneari forma emateko lanean. «Antolaketa ahalik eta dinamikoena izatea nahi genuen», zehaztu du Jimenezek.
Goierriko gazteen topalekua izanik, egitarauaren barruan Goierriko herri gehienak ordezkatuta egoten saiatu dira. Elkarlana eta sortzaileentzako espazioak sortzea izango dira helburu nagusiak, baina asanbladek antolatutako eguna izanik «feminismoa, autogestioa, edo burujabetza bezalako gaiak ere presente izango dira zeharka bada ere», azaldu du.
Itxaropen handia dute jarrita biharko egunean. Egitaraua goierritar gazteen artean antolatu badute ere, Jimenezek deialdi zabala egin du: «Nahi duen guztia dago bertan parte hartzera gonbidatuta, inguruko eskualdeetako bizilagunak, haurrak, gazteak eta helduak».
GazteDitxa denboran iraunarazteko asmoz jaio da, eta Jimenezek ez du baztertu datozen urteetan edizio gehiago egin ahal izatea. Biharkoa nola atera zain daude bitartean.
GazteDitxa, maiatzak 20
- 11:00. Herrien arteko herri kirolak: Ataun, Gabiria, Idiazabal, Lazkao, Ormaiztegi, Segura, Urretxu-Zumarraga, Zerain eta Zaldibia.
- 13:00 . Bertso poteoa: Aratz Igartzabal (Gabiria), Eneko Araiztegi (Segura) eta Ane Beloki (Legazpi)
- 14:30. Bazkaria. Txartelak herrietan salgai. Menu beganoa ere izango da.
- 15:30. Bazkalondorena Erein musika taldearekin (Legazpi).
- 16:30. Kale animazioa. Traka-Traka elektrotxaranga (Urretxu).
- 18:00. Kontzertuen hasiera: Altxa Gudari (Zaldibia), Zesura (Ordizia), Fumut (Lazkao), Otsein (Legorreta), Guri 5 (Gabiria), Inguma (Ataun), The Frankys (Idiazabal), Sukarra 37 (Beasain) eta Trikuharri (Zumarraga).