Kulturen Azoka egingo dute bihar Urretxuko Gernikako Arbola plazan
Bihar, egun osoan zehar, Kulturen Azokaren 5. edizioa egingo dute Urretxuko Gernikako Arbola plazan. Ekitaldi honen helburua jatorri ezberdineko bizilagunak elkartzea eta elkartasuna eta bizikidetza bultzatzea da. Horretarako, makina bat
Bihar, egun osoan zehar, Kulturen Azokaren 5. edizioa egingo dute Urretxuko Gernikako Arbola plazan. Ekitaldi honen helburua jatorri ezberdineko bizilagunak elkartzea eta elkartasuna eta bizikidetza bultzatzea da. Horretarako, makina bat ekitaldi egongo da: gastronomia, tai ji, dantza, capoeira, zumba, tailerrak…
Ekitaldi hau Urretxuko Udaleko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak antolatzen du. Mahai honetan jatorri ezberdineko urretxuarrek parte hartzen dute. Aurten, inoiz baino ekitaldi gehiago antolatu dituzte. Hiru kontinentetako gastronomiaz eta folkloreaz gozatzeko aukera egongo da.
10:30etik 21:00etara herrialde ezberdinetako ordezkariek beraien jaioterrietako jakiak zerbitzatuko dituzte eta Gobernuz Kanpoko Erakundeek beraien produktuak salgai jarriko dituzte.
Ikuskizunak
Ikuskizunei dagokienez, 11:00etan tai ji erakustaldia egongo da, 12:30ean capoeira erakustaldia egingo dute, 14:00etan eta 16:30ean Ekuatore Gineako dantzak egongo dira, 17:30ean tearen ekitaldia Saharako haiman, 18:00etan Nikaraguako dantzak, 18:30ean zumba tailerra, 19:00ean saloi dantzen erakustaldia eta 20:00etan mariatxiak.
Gainontzeko jarduerei dagokienez, 10:30ean siriarrentzako mantak egingo dituzte, egun osoan zehar henna eta trentza afrikarren postuak egongo dira, 11:00etatik 13:00etara kaligrafia arabiar, saskigintza eta kamiseta estanpazio tailerrak eta haurrentzako jolasak egongo dira, 12:00etatik 19:00etara xakean jokatzen ikasteko aukera egongo da, 17:00etatik 19:00etara siriarrentzako mantak egingo dituzte eta 17:00etatik 20:00etara kometa eta bisuteria tailerrak egongo dira.
Kulturen Azokaren antolaketan Gipuzkoa osoko hainbat elkartek lagundu dute eta herrialde asko egongo dira ordezkatuta: Senegal, Ekuatore Ginea, Brasil, Maroko, Nikaragua, Honduras, Sahara eta Pakistan, besteak beste.