Herri kirolak eta bertso poteoa egin dituzte goizean. Musika kontzertuak izango dira arratsaldean.
Lehenengo aldiz egiten ari dira gaur Zaldibian, GazteDitxa, Goierriko Gazteen Topagunea. Goierriko herri ezberdinetako Gazte Asanbladen eskutik antolatutako ekimena da gaurkoa, Zaldibiako Gazte Asanbladak bultzatuta. Goierriko herri guztietako gazteen komunikazioa indartu eta sortzaileei euren lanak plazaratzeko espazio bat eskaintzea dira, gaurko topaketaren helburu nagusiak.
Horretarako egun osoko egitaraua antolatu dute. Goizean, herrien arteko herri kirolak izan dira. Bost herritako ordezkariak aritu dira lehian: Ataun, Segura, Lazkao, Zerain eta Zaldibia. Bertso-poteoa izan da jarraian Aratz Igartzabal (Gabiria), Eneko Araiztegi (Segura) eta Ane Beloki (Legazpi) bertsolarien eskutik. Bazkaritara bildu dira gero eta bazkalondorena Legazpiko Erein musika taldeak girotuko du. Urretxuko Traka-Traka elektrotxarangak herriko kaleak musikaz jantziko ditu gero.
Eguna borobiltzeko musika emanaldi gehiago izango dira. 18:00etan emango diete hasiera kontzertuei, Altxa Gudari (Zaldibia), Zesura (Ordizia), Otsein (Legorreta), Guri 5 (Gabiria), Inguma (Ataun), The Frankys (Idiazabal), Sukarra 37 (Beasain) eta Trikuharri (Zumarraga) taldeekin.