Loinazpe-Ataun taldeko neskentzat eta Lapke-ko Beñat Zubizarretarentzat izan dira txapelak
Gipuzkoako Eskolarteko Pilota Txapelketako finalak jokatzekoak ziren gaur hiru mailatan Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan. Azkenean bi final jokatu dira, neskena eskuz binaka haurren mailan eta Eskuzko Berezkoen finala mutiletan, kimuen mailan.
Loinazpe-Ataun taldeko Kaia Perlines eta Maddi Urrestarazurentzat izan da eskuz binakako txapela haurren mailan, Oianguren-Zaldibia taldeko Maren Mendizabal, Intza Olano eta Sara Etxaberi 16 eta 2 irabazita. Gipuzkoako Pilota Federazioko teknikari Iraitz Olaetxeak esan duenez, Loinazpe-Ataungo neskak fisikoki indartsuago aritu dira finalean eta pilota gehiago eman dituzte.
Nesken finalaren ondotik jokatu da Eskuzko Berezkoen Txapelketako finala. Lapke elkarteko bi pilotari goierritar aritu dira, Beñat Zubizarreta ataundarra eta Ekhi Irribarria aramarra. Zubizarretarentzat izan da txapela, 16 eta 10 Irribarriari irabazita. Ia partida guztian nabarmendu da Zubizarreta. Bi pilotariek tanto ikusgarriak egin dituzte, Igarondo pilotalekuan bildu diren zaletuek txaloz lagundu dituztenak.
Eskuzko Berezkoen Txapelketaren barruan, haurren mailako finala zen jokatzeko zegoen hirugarren partida, Ilunpe taldeko Jakes Elosegi (Azpeitia) eta Añorga taldeko Noa Unanue (Añorga) pilotarien artean. Unanuek osasun arazoak tarteko ez du finala jokatzerik izan eta Elosegirentzat izan da txapela zuzenean.
Sari banaketa ekitaldian Iker Irribarria egungo eskuz banakako txapeldunak, Gipuzkoako Pilota Federazioko ordezkariek eta Idiazabalgo udaleko zinegotzi batek hartu dute parte.