Aurten kilometro bertikala ere Munduko Koparako baliagarria izango da. Lasterketa streaming bidez jarraitu ahal izango da. Kilian Jornet ez da aurten Zegaman izango
Hemen da mendiko korrikalarien asteburu handia, Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren asteburua. Urteroko moduan, zapatila koloretsuz eta eztarria urratzeko prest dauden ikusleez beteko dira Zegama eta Aizkorri inguruak. Bi dira aurtengo nobedade nagusiak: batetik, kilometro bertikala Munduko Koparako baliagarria izango dela lehenengo aldiz, eta bestetik, bai Kilometro Bertikala zein maratoia streaming bidez jarraitu ahal izango direla. Eta aipagarria da baita ere, Kilian Jornet mendizale kataluniarra ez dela aurten Zegaman izango, azken ordukorik ez bada behintzat. Jorneten hutsuneak faboritoen zerrenda asko zabaltzen du mutiletan. Nesketan, korrikalari handi ia guztiak egongo dira.
Jornet ez egoteak bere alde ona eta txarra dituela dio Alberto Aierbe zuzendari teknikoak. «Bi irakurketa egin daitezke. Kilian ikaragarri maite dugu eta berak ere bai gu. Hori dela eta, urtero gurekin egotea nahi dugu. Baina bera ez badator lehia asko irekitzen da. Gainontzeko korrikalariek aurten irabazteko aukera paregabea dute eta horrek lasterketa oso erakargarria egingo du»
Zazpi korrikalari aipatu ditu: Marc Lauenstein suitzarra, Remi Bonnet suitzarra, Marco di Gasperi italiarra, Zaid Ait Malek marokoarra, Pere Rullan kataluniarra, Dai Matsumoto japoniarra eta Aritz Egea urretxuarra. «Luis Alberto Hernando ez da etorriko, atletismo federazioak proba baterako deitu baitu eta proba horren aurreko azken hilabetean ez baitio beste lasterketetan parte hartzen uzten».
«Kilian ez datorrenez, korrikalari askok
irabazteko aukera paregabea dute»«Sekula baino atzerritar gehiagok parte hartuko
dute. Aurten 50 baino gehiago etorriko dira»Alberto Aierbe (Zuzendari teknikoa)
Gero eta atzerritar gehiagoFaboritoen artean herrialde ezberdinetako korrikalariak daude. Izan ere, Zegama-Aizkorrin mundu osoko jendea elkartzen da. Geroz eta gehiago, gainera. «Sekula baino atzerritar gehiagok parte hartuko dute. Iaz arte urtero 30 bat etortzen baziren, aurten 50 baino gehiago etorriko dira. Guztientzat ostatua lortzeko arazoak ditugu. Batzuk Goierritik kanpo lo egingo dute. Arantzazun, adibidez. Zegama menditik gertuago izango dute errepidetik baino!».
Emakumezkoetan ere mundu osoko korrikalariak elkartuko dira. Emelie Forsberg suediarra, Megan Kimmel estatubatuarra, Michelle Maier alemaniarra eta Maite Maiora mendaroarra dira faborito nagusiak.
Kilometro bertikalean «maila asko igo» da. Gizonezkoetan ez du parte hartuko iazko irabazle Iban Muruak. Saul Padua eta Iñigo Lariz dira, bere ustez, faborito nagusiak. Emakumezkoen artean, Maite Maiora iazko irabazleak arerio gogorrak izango ditu. Emelie Forsberg eta Christel Dewalle frantziarra, besteak beste.
Kilian Jornet 26 orduan iritsi da Everestera
Kilian Jornetek osatu du dagoeneko Summit of my Life (Nire bizitzako tontorrak) proiektua. Maiatzaren 21etik 22rako gauerdian zapaldu zuen Everesteko gailurra (8.848 metro), oxigenorik eta soka finkorik erabili gabe. Mendizale kataluniarrak 26 orduan osatu zuen behe kanpalekutik (5.100 metro) tontorrerako bidea.
«7.700 metrora iritsi arte ondo nengoen, baina altuera horretan sabelean mina sentitzen hasi nintzen. Hortik aurrera poliki joan naiz, bi pausoan behin osatzeko geratuz. Hala ere, gauerdian iritzi naiz gailurrera».
Egitasmo horren barruan, mundu osoko hainbat tontorretara igo da, eta horietako batzuetan lortu du marka berriak ezartzea; Mont Blancen eta Cervinon (Alpeak), Denalin (Alaska) eta Akonkaguan (Andeak) izan da.
Kilian Jornetek zortzi aldiz irabazi du Zegama-Aizkorri, eta lehenengoz etorri zenetik bi alditan bakarrik egin du kale. Haren faltan, gainontzeko faboritoak hazi egingo dira.
ZEGAMA-AIZKORRI:
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.