Goierri Gorri kopako final erdietan izango da, Aurrera kanporatu eta gero
Goierri Gorri taldea kopako final erdietarako sailkatu da, final laurdenetako kanporaketan Aurrera Vitoria atzean utzi eta gero. Joaneko partidan lau goleko abantaila lortu zuten goierritarrek, eta alde horri eusteko asmoz joan dira Gasteizera. Aurrera 2. mailako taldea da, eta gorriek gogor saiatu behar izan dute talde ‘handiago’ baten aurka. Sufrituta, baina egindako lan gogorrari esker, aurrera egitea lortu dute.
Lehen zatia gogorra eta parekatua izan zen; lehen minutuetan zelaian kokatu ezinda ibili baziren ere, Goierri Gorrikoek neurria hartu zioten zelaiari, eta gasteiztarren erasoei aurre egitea lortu zuten. Aldageletara joateko minutu batzuen faltan, ordea, etxekoen gola etorri zen. Defentsa lana indartu zuten gorriek, eta partida berdintzeko aukerak ere izan zituzten, baina ez zuten ate aurrean asmatu. 80. minutuan, Aurreraren aldeko penaltia adierazi zuen epaileak; huts egin zuten ordea, baina 86. minutuan 2-0ekoa egin zuten gasteiztarrek.
Urduritasuna jokalarien artean zabaltzen hasi bazen ere, azken minutuetan sendo eutsi zioten gorriek, eta azkenean lortu dute finalaurrekoetarako txartela. Datozen bi asteburuetan jokatuko dute kanporaketa. Aurrean, bigarren mailako beste talde bat, Bizkaiko Pauldarrak, izango dute. Joaneko partida igandean izango da, 12:00etan, Igartza zelaian. Taldea egoera onean dago eta zaleen laguntzarekin, abantaila lortu nahi dute, bueltako partidarako.












