Goierriko Gure Esku Dagok ekainaren 10ean Bilbora joateko deialdia egin du
Gure Esku Dago dinamikaren Goierriko herri askotako ordezkariak Olaberriak elkartu ziren, atzo. Ekainaren 10ean Bilbon galdera-ikur erraldoia irudikatuko dute, pertsona-mosaiko gisan. Euskal gizartea “erabakitzeko prest” dagoela aldarrikatuko dute, hain justu Prest deitu duten fasean.
Bilbora joateko Goierritik autobusak antolatuko dituzte. Herrietan jarriko dituzten zerrendetan izena ematea ezinbestekoa da, edo norbere herriko GED taldeari jakinaraztea. Joateko animatu dituzte goierritarrak. Bilbon, ekainaren 10ean, Euskadi plazatik Plaza Eliptikoraino bilduko dute jendea, eta airetik galdera ikurraren forma hartuko du giza-oldeak.
Deialdiaren irudia errepikatuz, Olaberriko plazan galdera ikurra osatu dute aurkezpenean izan ziren goierritarrek.
2016ko ekainaren 5eko Goierriko galdeketatik urtebetera dator Bilboko ekitaldia. Eskualdean 15.724 herritarrek eman zuten botoa, euskal estatu burujabe bateko kide izan nahi zuten erantzuteko. “Urte hau ez da alferrik pasatu, gure lekukoa hartuz, 100 herri baino gehiagotan egin dituzte galdeketak”, esan du Goierriko GEDk.