Ordizian eta Lazkaon jokatuko dituzte aurten partidak. Euskal Herriko taldeez gain, Espainia eta Frantziakoak ere etorriko dira.
Errugbi eskolen harrobiak urtero zita izaten du Ordizian, Haurugby txapelketarekin. Aurten 13. aldia izango dute, eta guztira, Euskal Herriko eta kanpoko 14 taldek parte hartuko dute bertan. Aurten berrikuntza nabarmen batekin dator gainera jaialdia; izan ere, Ordiziako Altamiraz gain, aurten Lazkaoko Arizti Handi zelaian jokatuko dituzte partidak. Aurreko urteetan Beasaingo Loinatzen jokatu izan dute, baina aurten zelaia ez dago erabilgarri.
Parte hartzaileen artean izango dira Aragoiko eta Nafarroa-Errioxako selekzioak, Madrilgo Liceo Francés, Kataluniako Hospitalet de Llobregat, Ipar Euskal Herriko Biarritz Olympique, Donibane Lohitzune-Ziburu, eta Bardoze, Frantziako Tyrosse, Bal, Dax, Ovalie, Porte de Bearn eta Boucau Tarnos, eta nola ez, etxeko taldea, Ordiziako Orkli errugbi eskolakoak.
Goizean kanporaketak jokatuko dituzte Ordizian eta Lazkaon, 10:00etatik 13:00etara. Finalak berriz, Ordiziako Altamira estadioan izango dira, 14:45ean hasita. Egunari festa giroan bukaera emateko, 17:00etan sari banaketa eta ‘hirugarren zatia’ egingo dituzte.