Xabier Ormazabal beka deitu dute, mendizaletasuna bultzatzeko
Xabier Ormazabal beka eta mendi festa antolatu dituzte Urretxun. Ekimen hauen bultzatzaileak Andoni Ormazabal eta Josu Maroto dira eta udalaren laguntza dute. Beka eta mendi astea atzo aurkeztu zituzten udaletxean,
Xabier Ormazabal beka eta mendi festa antolatu dituzte Urretxun. Ekimen hauen bultzatzaileak Andoni Ormazabal eta Josu Maroto dira eta udalaren laguntza dute.
Beka eta mendi astea atzo aurkeztu zituzten udaletxean, Ormazabalek, Marotok eta Jon Luqui alkateak. Bekaren helburua gazteen artean mendizaletasuna bultzatzea da. Horretarako, mendizaletasunarekin lotuta dauden maila handiko eta originaltasunezko proiektuak lagunduko dituzte (alpinismoa, eskalada, liburuak, gidak, ikus-entzunezkoak…). Diru laguntza 2.500 eurokoa izango da.
Onuradunak 1993. urtetik aurrera jaiotako gazteak izango dira. Beka pertsona bati edo talde bati emango zaio. Eskariak 2018ko apirilaren 1a baino lehen aurkeztu behar dira, Urretxuko udaletxean. Epaimahaiak ekainaren hasieran emango du ezagutzera bere erabakia.
Beka bi zatitan ordainduko da. %75a esleipena egiten denean eta gainontzekoa proiektua bukatutakoan: 2019ko ekainaren 1a baino lehenago. Egindako lana Urretxun aurkeztu beharko dute.
Bekaz gain, mendi astea antolatu dute. Ekainaren 3an izango da, lizeoko patioan. Goizean, 10:30etik 14:00etara, eskalada lehiaketa herrikoia egongo da. Arratsaldean, 18:00etatik 20:00etara, eskalada desafioa egongo da: Deba bailara Urola bailararen aurka. Debako tal-dean Mikel Linazisoro Europako txapelduna, Ander Lasagabaster eta Ander Mendieta arituko dira. Urolako taldean, berriz, Gorka Karapeto, Esther Cruz eta Erik Molina urretxuarra.
Horretaz gain, egun osoan zehar haurrentzako jolasak egongo dira eta Josu Maroto eta Sebas Velasco margolariek lizeoko graffitiak berrituko dituzte. 1993an Marotok margotu zituen herri kiroletako irudiak ezabatu eta omendutako mendizaleen irudiak jarriko dituzte.
Gauean, 21:00etan, ikus-entzunezkoak emango dituzte Labeaga aretoan. Gorka Karapetok Pirinioetan egindako eskaladen berri emango du eta Alex Txikonek bere azken abenturak aurkeztuko ditu.